IEP Ikerketa, Ekintza eta Parte Hartzea metodologiaz baliatuko dira eta "ahalegin berezia" egingo dute gazteek euren beharrak jasotzeko, herriko gazteen gehiengoaren parte hartzea ahalbidetzeko, gazteak eurak prozesuko subjektu izateko, herriko gazteen diagnostiko partekatua osatzeko eta erakundeen zein gazteen elkarlana sustatzeko.
Lau fase izango ditu. Lehenbizikoan, prestaketa lanak egingo dituzte. Apirila eta uztaila bitartean izango da hori. Fase horretan prozesuaren diseinua aztertuko dute eta errealitatearen irakurketa partekatua egin gazteak ezagutzeko, udalarekin elkarlanean. Bigarren fasean, iraila eta urria bitartean, auto diagnostikoa egingo dute, gazteek beren behar partekatuak identifikatzeko.
Proposamen fasea izango da hirugarrena, azaroan egingo dutena. Hori izango da proposamenak zehaztu eta adosteko momentua. Azken fasean, ebaluazioa eta sistematizazioa egingo dute, hau da, prozesua ebaluatuko dute parte-hartzaileekin eta sistematizazioaren bidez, zerbitzu berriaren definizioa abian jartzeko zehaztapena. Aholkulari lanak Herritarren eta Partaidetzako zuzendaritzak egingo ditu, partaidetza modu egokian garatzen den bermatzeko.
Gazteak objektu eta subjektu
Aldundiko Herritarren eta Partaidetzako zuzendari Joseba Muxikak nabarmendu du irekiera eta itxiera "oso garrantzitsuak" direla: faseen irekierak "mobilizazioa" eskatzen duelako, alegia, jendearen parte hartzea, eta itxierak, erabakiak hartzea dakarrelako.
Horregatik, Zarauzko gazteen parte hartzea "ezinbestekoa" dela dio Jonan Urdangarin Gazteria zinegotziak: "Gazteak ikerketaren objektu eta subjektu izatea nahi dugu. Gazteok gure etorkizunaren jabe izan behar dugulako". Aurreiritziak "albo batera utzi" eta gazte guztiak identifikatuko dituen foku bat piztu nahi dute. Horregatik, parte hartzeko ohiturarik ez dutenei dei berezia egin die Urdangarinek, aniztasuna bultzatze aldera.Gogoratu du egun 18-30 urte bitarteko 3.056 gazte bizi direla Zarautzen. "Prozesu guztian zehar euren ahotsa protagonista izatea nahi dugu eta elkarlanean aritu".
Prozesu hori gazteon beharrak asetzeko "oso onuragarria" da Urdangarinen ustetan eta horretarako dinamika erakargarri eta berritzaileak bultzatuko dituztela aurreratu du.
Kalitatezko zerbitzua eskaini
Xabier Txurruka Zarauzko alkateak "poztasunez" hartu du berria eta ohartarazi du proiektu pilotua Zarautzen garatuko duten arren, ondoren, Gipuzkoako beste herrietan "eredugarri" izateko lanean jardungo dutela datozen hilabeteetan. "Gazteen beharrak ezagutu nahi ditugu, elkarlanean aritu eta horren araberako kalitatezko zerbitzua eskaini nahi diegu gure gazteei", nabarmendu du. Udala bere zerbitzuak "modu egokiagoan" eskaintzeko berrantolaketa lanetan ari da, eta laster martxan jarriko duten Herritarren Arreta Zerbitzuaren filosofiarekin bat dator proiektua, alkatearen arabera.
Aldundiko Gazteria eta Kiroleko zuzendari Goizane Alvarezek adierazi du aldundiak azken zazpi urteotan haur eta nerabeentzat zerbitzu hezitzaileak—ludotekak, gaztelekuak, haur txokoak, besteak beste—diseinatzen eta garatzen jarri duela "arreta osoa", Gaztematika proiektuaren barruan. "Aisialdirako denbora haur eta nerabeek hiritar gisa duten nortasuna garatzen lagunduz eta hiritartasunerako trebetasuna garatuz" egin dute hori. Alvarezek dio haur eta nerabeek euren aisialdia partekatzen duten guneek "espazio hezigarriak" izan behar dutela, "haur eta nerabe kritiko, libre eta parte-hartzaileak hezteko". Eta hori ikasten den zerbait dela ohartarazi du du, eta horretan lagundu nahi duela Gaztematika proiektuak.
"Uste dugu heldu dela unea pausu bat aurrera eman eta Gipuzkoako gazteriaren parte hartzea sustatzeko hausnarketarako eta eztabaidarako guneak sortzeko. Haiekin, ez haientzako. Haien begiradapetik", dio. "Jakin nahi dugu zertan eta zein modutan egin dezakegun lan, haien ikuspuntutik eta erantzunkidetasunetik, haur eta nerabeentzat aukera eta tratu berdintasunean oinarritutako etorkizun erakargarri bat eraikitzeko". Horretarako baliotuko dute Gazteen Zerbitzu berria.
Muxikak aipatu du diputazioan politiken edukiak zein formak aldatzeko "apustu estrategikoa" egin dutela, eta horren barruan, gipuzkoarren parte hartzea sustatu nahi dutela. Horretarako, ekintza plan bat onartu dute 2016rako. Hainbat ekintza eta parte hartze prozesu jaso dituzte plan horretan, tartean, Gazteentzako Zerbitzua definitzeko partaidetzako prozesu hori.
Adierazi du "oso garrantzitsua" dela prozesu hori ikasketa prozesua izatea gazteentzat zein erakundeentzat. "Gazteentzat, parte hartuz parte hartzen ikasteko, beren gaitasunak eta jakintzak areagotzeko eta errealitatearen eraldatzaile izaten ahalbidetzeko. Erakundeentzat, berriz, gazteen eta administrazioaren arteko harremana hurbiltzeko eta sustatzeko, eta administrazioek gazteekin zuzen lan egiten ikasteko eta beren alde lan egiteko".