Udal Gobernutik jakinarazi dute parte hartze prozesuetan jasotako eskaeretako bat dela honakoa, hau da, herritarrek gune estali bat erabiltzeko aukera izatea. Horri erantzunez, otsailaren 6tik aurrera, Merkatu plazako lehenbiziko solairua irekita egongo da astelehenetik ostiralera, arratsaldez, 16:30-20:00 bitartean. "Babeslekuen beharra adierazi dute sarritan herritarrek, eta eskaera hauei erantzuna emateko, herrian zehar hainbat gune zabaltzen hasi gara", nabarmendu du Nekane Iribar Parte Hartze zinegotziak.
Hala, gogoratu du Igerain-Gain parkea estaltzeko obrak egun horretan bertan hasiko dira, baina, lanak bukatu bitartean eta baita gerora ere, Merkatu plazako lehenbiziko solairua erabiltzeko aukera izango dutela aurrerantzean zarauztarrek.
Era berean, Iribarrek jakinarazi du abendutik Gaztelekuko Zinema pilotalekua jaiegunetan nahiz asteburuetan zabalik dagoela, egun osoan zehar, herritarrek babestutako gune bat izan dezaten. Proba moduan, 10:00etatik 20:00etara hasi ziren gune estali hori zabaltzen, eta orain balorazioa egin dute: "Jendeak gune hau erabiltzen duela ikusi dugunez, ordutegia mantentzea erabaki dugu".
Horrekin batera, Gaztelekuko hirugarren solairuko soinketa gela ere irekitzen dute goizetan, 10:00-13:00 bitartean, haur txikiak eta euren guraso zein zaintzaileek erabil dezaten.