Igerain-Gain parkea estaltzeko lanekin otsailaren 6an hasiko dira, eta udaberrirako amaituta egongo dela aurreikusi du Xabier Txurruka alkateak, 13 asteko epean, hain zuzen ere. Altuna y Uria enpresari eman dio udalak obrak egiteko ardura, 311.671,17 euroko aurrekontuarekin, BEZ barne. Proiektua Santi Peñalba, Iñigo Peñalba eta Aritz Diez arkitektuek egin dute.
"Aurreko agintaldian parte hartze prozesu bat egin zuten eta horren bidez aukeratu zuten Igerain-Gain estaltzea. Hala ere, aurretik datorren kontua da hau. EAJk 2012ko udal hauteskundeetarako programan jaso zuen proposamena", adierazi du Txurrukak. Gogoratu du aurreko agintaldian alderdi guztien babesa jaso zuela Igerain-Gain parkea estaltzeko proiektuak, baina ez zela gauzatu.
Jakinarazi duenez, EAJ gobernuan sartzean, proiektua aztertu zuen eta hainbat aldaketa egitea erabaki du. Batetik, aurrekontua doitu dute, diru kopurua murrizte aldera. "Aurreko proiektuak frontoi txikia eta gainerako pistak ere estaltzea aurreikusten zuen, eta horrek aurrekontua handitzen zuen. Hori dela eta, haur parkeari eman diogu lehentasuna, jendeak eskatzen duenari", dio Txurrukak.
Bestetik, doikuntzak eginda, gainerako aurrekontuarekin iparraldera orma bat eraikiko dute, 2 metro ingurukoa. "Modu horretan, euritik ez ezik, haizetik ere babestuta geratuko da estalitako gunea", adierazi du alkateak. Zabalera ere doitu egin dute, "estutu". Hala, zuhaitz ilara bat ez dute moztu beharko.
Horrekin batera, zimentazioa ere hobetuko dute eta baita euri urak jasotzeko sistema ere. Era berean, jolas guneko lurra berrituko dute, eta kolore batekoa ezarri, gomazkoa.
Aurrekontuaren %10a Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapenerako eta Lehiakortasunerako sailak ordainduko du; Hiri merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzera bideratutako laguntzen programaren barruan, 36.600 euroko diru-laguntza eman dio udalari. "Horrelako guneak behar ditugula esaten dugu, haurrak egoteko, helduak erakartzeko eta inguruko dendek bizia izan dezaten. Bide horretatik lortu dugu jaurlaritzaren laguntza eta eskertzekoa da", nabarmendu du Txurrukak.
Merkatu plaza eta Gaztelekua
Nekane Iribar Hezkuntza zinegotziak gogoratu du badirela hilabete batzuk Gaztelekuko Zinema pilotalekua zabaldu zutela, herritarrek haurrekin egoteko gune estali bat izan zezaten. Hala, abendutik asteburu eta opor egunetan zabaltzen dute gune hori, 10:00etatik 20:00etara. Horrekin batera, Gaztelekuko hirugarren solairuko soinketa gela ere irekitzen dute goizetan, 10:00-13:00 bitartean, haur txikiak eta euren guraso zein zaintzaileek erabil dezaten.
Otsailetik aurrera, berriz, Merkatu plazako lehenbiziko solairua arratsaldetan irekitzeko asmoa dute, uda arte. Negu bitartean, 16:30etik 20:00etara egongo da zabalik gune hori.
Errugbiko harmailak eta kiroldegiko patioa
Hainbat espazio publiko estaltzeko planaren barruan, errugbiko harmailak tapatzeko proiektua lantzen ari direla gogoratu du Txurrukak, eta espero du uda aurretik, datorren denboraldirako estalita egotea. Horrekin batera, adierazi du hainbat kirol elkartek eskatu izan dutela Aritzbatalde kiroldegi kanpoko patioa estaltzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntzak emateko deialdia egin du eta eskaera hori lantzen ere ari direla jakinarazi du alkateak.