Zer moduz moldatu zara aitona Manolorena egiten? Zer du Imanol Urbietatik pertsonaia horrek?
Manoloren ideia hartuta, pertsonaia bat sortu dugu. Bere izena hartu dugu, bere abestiak... Baina ez da Manolo Urbieta. Pupu eta Loreren aitona da, martxosoa, berezia. Laster etorriko den aiton-amonen belaunaldi horren eredu bat: rockeroa, abesten ibiliko dena, gustura...
Abenduan estreinatu zenuten ‘Haizearen herrira’ ikuskizuna, Sopelan. Ordutik, zer-nolako erantzuna jaso duzue?
Dagoeneko egin ditugu zazpi bat saio jendearekin, ikusteko zer harreman sortzen den. Esperientzia oso ezberdinak izan ditugu: batetik, modu lasaian, antoki txikietan eskatzen duelako giro goxo-goxo bat, eta bestetik, antzoki handiagotan, martxa handiagoa behar denean, gu ere moldatuz.
Egia esan, oso polita izaten ari da. Izan ere, oso ongi pasatzen dugu aitona Manolorena egiten, Pupu eta Lorekin, eta haurrek oso ongi erantzuten dute.
Igandean Zarautzen izango zarete. Saio berezia izango da, ezta?
Bai, izan ere, Manoloren herria da Zarautz. Horregatik, berezia izango da Modeloko estreinaldia. Gu prestatzen hasi ginenean Manolo oraindik bizirik zegoen. Gerora, gauzak luzatu egin ziren, eta tartean joan egin zitzaigun Manolo. Ez zuen izan aukerarik saioa ikusteko, baina badakit ikusiko duela, dagoen lekuan dagoela ere.