«Manolo joan zen; berak esaten zuen: ‘Hemen ez nagoenean, haizearen herrian egongo naiz, kantu eta jolas berriak sortzen’. Hala ere, nik uste dut ez dela guztiz joan. Ate azpitik eta leiho zirrikituetatik sartzen denean haizea, nik uste dut oraindik ere hemen dabilela gurekin. Ez gaitu hain erraz utziko», dio Kontxi Aizarnak, Imanol Urbieta zenaren emazteak. Musikari eta irakasle zarauztarra hil zela lau hilabete bete direnean, haren kantekin osatutako ikuskizunarekin gogoratuko dute: Haizearen herrira saioarekin.
Azaroan kaleratu zuen Katxiporreta kooperatibak Korrika! Haizearen herrira disko liburua, eta horren ondoren, eszenatokira eraman dute. Hainbat herritan eskaini ondoren, igandean Zarautzen izango da ikusgai aitona Manolo (Inazio Tolosa zumaiarra), Pupu (Iraitz Lizarraga zizurkildarra) eta Lore (Ekain Ibarguren azpeitiarra) protagonista dituen ikuskizuna.
Atzo goizean egin zuten ekitaldiaren aurkezpena, areto horretan bertan, ikuskizuneko protagonista eta bidelagunekin. Bertan izan ziren baita ere Salbatore Mitxelena Ikastolako ikasle batzuk, ikuskizuneko hainbat kanta abestuz, Josu Txapartegi Txapasen eskusoinuarekin lagunduta. Aurkezpenean, Porrotxek Urbietaren figura nabarmendu zuen pedagogo eta musikari bezala, eta haren ekarpena aitortu: «Duela 25 urte, lehenbiziko diskoa atera genuenean, Manolori eskaini genion, haren abestiak kantatzen hazi ginelako gu ere. 25 urte pasatu direnean, beste disko bat eskaini diogu haren kantekin, jarraitzen duelako erreferente izaten, eta hala izaten segituko duelako».
Eskualdeko hainbat lagun
Musikari zarauztarraren abestiak bildu eta hiru aktoreekin guztia «ordenatu» du Asier Sota antzerkigileak. «Bidaia oso polita» izan da harentzat: «Azken finean erakutsi nahi izan dugu aitonaren etxera joatean, bizipen asko dituela, kantu asko dituela... Erakutsi nahi izan dugu transmisio hori».
Xabier Zabala zarauztarrak moldatu ditu Urbietaren abestiak, «maitasun handienarekin». Izan ere, harentzat eredua izan da: «Niretzat izan zen lehenbizi irakaslea, gero laguna eta azkenean erreferentea».
Lan horri mugimendua emateaz, berriz, Elen Kortaxarena zarauztarra arduratu da. «Saiatu gara Pupu, Lore eta aitona Manolori mugimendu organikoa ematen, bakoitzak bere mugimendu propioa atera dezan. Ikusleek ere gauza bera egitea nahiko genuke, aktoreena kopiatu gabe, euren gorputzari entzunez». Jolasaren mugimendua, emozioen mugimendua, irribarrearen mugimendua... eskainiko dituzte, hala.
16:30ean eskainiko dute ikuskizuna, Modelo aretoan, eta jakinarazi dutenez, dagoeneko agortu daude sarrerak.