Igandean amaitu zen Espainia eta Portugalgo taldeetako hautagaiak aukeratzeko epea. Herritarrek maila bakoitzeko surflaria hautatu beharra zuten, botoen bidez. Hautagaien artean hainbat zarauztar zeuden: Iker Amatriain zein Lander Davila junior mailarako eta Nadia Erostarbe eta Ainara Aymat emakumezkoen kategoriarako. Horiez gain, Imanol Yeregi zumaiarra ere hautagaietako bat zen, pro/am mailarako, zehazki. Ez dute horietako inor aukeratu taldea osatzeko.
Kontaketa eginda, ondokoak izango dira Espainiako taldeko kideak: Gony Zubizarreta galiziarra pro/am mailan, Luis Diaz Urrejola kanariarra junior mailan, Ariane Otxoa bizkaitarra emakumezkoen kategorian eta Eneko Merino Zelaia donostiarra weekend warrior mailan. Kapitaina zein local hero-a aurrez zehaztuta zituzten. Aritz Aranburu zarauztarrak gidatuko du Espainiako taldea, eta Illan Urkia bizkaitarra lehiatuko da local hero mailan.
Ondoko portugaldarren kontra ariko dira horiek: Tiago Pires kapitaina, Vasco Ribeiro pro/am mailakoa lehiakidea, Henrique Pyrrait juniorra, Mariana Rocha Assis emakumezkoen mailakoa, weekend warrior kategoriako Mica Lourenço eta Tomas Fernandes local hero-aren aurka, hain zuzen ere.
Txapelketa bi tokitan jokatuko da: bata, Ribeira d’Ilhasen (Portugal) urtearen hasieran, eta bestea, Mundakan, urte amaieran. Baldintza klimatologikoaren arabera zehaztuko dituzte data zehatzak. Informazio gehiago Red Bull Rivals txapelketaren ataria aurki daiteke.