Zarauzko surflariak Red Bull Rivals lehiarako hautagaien artean

Zarauzko Hitza 2016ko abenduaren 29a

Nadia Erostarbe surflaria.

Espainiako eta Portugalgo taldeak elkarren aurka ariko dira surfean, eta Espainiako kapitaina Aritz Aranburu izango da; Tiago Piresek gidatutko du Portugalgoa.

Red Bull Rivals surf lehia antolatu dute Espainiaren eta Portugalen artean, eta orain talde bakoitza nortzuk osatuko duten aukeratzeko une da. Zehaztuta dagoen bakarra talde bakoitzeko kapitainak dira: Aritz Aranburuk gidatuko du Espainiakoa, eta Tiago Piresek Portugalgoa. Talde bakoitza seina surflariz osatuta egongo da, bakoitza kategoria jakin batekoa: kapitaina, pro/am, junior, girl, weekend warrior eta local hero, hain zuzen ere.

Kapitaina eta local hero surflaria salbu, gainerakoak boto bidez aukeratu daitezke Red Bull Rivals-en webgunean. Hautagaien artean, hainbat zarauztar daude: Iker Amatriain, Lander Davila, Nadia Erostarbe eta Ainara Aymat. Botoak urtarrilaren 8a bitartean eman daitezke, eta hautatuak hurrengo egunean emango dituzte jakitera

Txapelketa bi tokitan jokatuko da: bata, Ribeira d’Ilhasen (Portugal) urtearen hasieran, eta bestea, Mundakan, urte amaieran. Baldintza klimatologikoaren arabera zehaztuko dituzte data zehatzak. Lehiari dagokionez, 25 minutuko txandak jokatuko dituzte, eta surfalri bakoitzak buruz burukoa jokatuko du talde aurkariko kategoria bereko surflariaren aurka.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide