Herri galdeketa

Maiatzaren 7an egingo dute estatus politikoari buruzko herri galdeketa

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 13a, 19:40

Herri galdeketaren aurkezpen ekitaldia (Aritz Mutiozabal).

Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra? izango da erantzun beharreko galdera. Era berean, sinadura bilketa abiarazi dute gaur arratsaldeko aurkezpen ekitaldian.

Urola Kostako zortzi udalerrik  –Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaiak– Euskal Herriaren estatus politikoari buruzko galdeketa egiteko data eta galdera adostu dute, eta gaur arratsaldean eman dute jakitera Zarauzko Modelo aretoan eginiko ekitaldian. Eskualdeak «indar erakustaldia» egingo duen eguna maiatzaren 7a izango da, eta bitarte horretan herritar guztiak deituko dituzte, ondorengo galdera erantzutera: Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra?.

Idoia Alberdiren eta Xabier Euzkitzeren gidaritzapean egin dute aurkezpen ekitaldia. «Gaurkoan erantzukizun garrantzitsu batek bildu gaitu hemen. Izan ere, hitza hartzeko unea ailegatu zaigu Urola Kostako herritarroi», esanez ekin dio Alberdik. Lekukoa hartuta, ekainean Azpeitian egin zela eskualdeko lehen galdeketa gogora ekarri du Euzkitzek, eta «gaurtik aurrera Urola Kostako herritarrok indarrak batu eta gure bidean aurrera egiteko momentua iritsi zaigu».

Etxarri Aranatzen egin zuten lehen herri galdeketa 2014an, eta ordutik 38 udalerritako herritarrek hartu dute hitza; 130.000 biztanlek baino gehiagok, alegia. «Euskal Herriko beste hainbat herritan egin duten moduan guk ere gure etorkizunari buruz bozkatuko dugu. Herritarrok hitza hartuko dugu, libreki eta demokratikoki. Herri bat garelako, erabakitzeko eskubidea dugulako eta herritarron garaia delako», nabarmendu du Alberdik.

Horretarako «olatu handi bat» osatzea dute helburu, «hitzaren eta erabakiaren aldeko olatua». Euzkitzeren hitzetan, ez da «erronka makala» izango. Izan ere, 60.000 «ur tanta» [herritar] animatu nahi dituzte bozetara, elkarrekin «olatua» sortzera. «Udaberrian lehertuko gara, indar erakustaldia egingo dugu, erabakitzeko eskubidearen bidean mugarri izan behar baitu gure eskualdeak». Galdeketa jendetsua bada, Alberdik dio  «bultzada handia» emango zaiola erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimentuari. «Olatuak erraldoia behar du, ezinbestean».


Aldaketa erabakitzeko
Herri «irekiagoa, toleranteagoa, libreagoa» eraiki nahi dute, herritar guztien ekarpenarekin. «Gaur egungo estatus politikoak ez ditu gure beharrak asetzen. Kezka ugari ditugu, baina inork ez digu haien inguruan galdetzen. Euskal Herrian, gehiengoak eskatzen du aldaketa. Pertsona adina proposamen daude, baina bada gauza bat guztiok elkartzen gaituena: aldaketarako nahia. Herri gisa aldaketa hori eskatzeko eskubidea daukagu, eta aldaketa hori nolakoa izango den erabakitzekoa. Oraintxe da horretarako momentua», adierazi du Euzkitzek.

Demokrazia osasuntsu batek herritarren hitza duela oinarri gaineratu du. «Herritarren hitza ezin da isildu. Udaberrian, beraz, zer esana badaukagula erakutsiko dugu, eta merezi dugula gure etorkizuna erabakitzea». Galdeketak, gainera, aldaketa nahi dutenak zenbat diren jakiteko balioko duela azaldu du Alberdik. «Horrexegatik da hain garrantzitsua galdeketa hauetan parte hartzen dutenen boto bakoitza. Boto horiek lortzeko lana egin beharko dugu datozen hilabeteotan, olatua ahalik eta handiena izan dadin. Baina ziur gaude fruitu emankorrak emango dituela gure lanak». Alde bateko zein besteko iritziak dituztenak elkartzea dute xede, «aniztasuna izango baita gure garaipena».

Galdeketaren prozesua abian jarri ahal izateko beharrezkoa izango da herritarren %10ak sinatzea, eta, hain justu ere, sinadura bilketari hasiera eman diote gaurko ekitaldian. Erabakitzeko eskubidearen aldeko konpromisoa agertze aldera, herrietako hainbat ordezkari igo ziren oholtza gainera, herrika deituta, eta sinatu ondoren, oholtza gainean bertan geratu dira, bakoitza bere herriko hautestontziaren ondoan.

Bertan izan dira, besteak beste, Ainhoa Murua triatleta, Ainhoa Alberdi aktorea, Axi Muniain surfista, Idoia Arrieta historialaria,  Mikel Orbañanos arraunlaria, Ibon Gaztañazpi telebistako aurkezlea, Jon Maia bertsolaria, Arritxu Iribar kazetaria, Joxe Arregi frantziskotar ohia eta idazlea, Garikoitz Mendizabal musikaria eta Jexux Larrañaga antropologoa.

Ekitaldiaren azkenaldera argitu dute Alberdik eta Euzkitzek galdeketaren eguna eta galdera bera. Amaieran, Jon Maia eta Maddi Gallastegik agurreko bertsoak bota dituzte, eta aretora gerturatutako guztiak oholtza gainera igo dira familia argazkia ateratzeko.

Sinadura bilketaren hasiera, larunbatean

Datorren maiatzaren 7ko herri galdeketa egin ahal izateko sinadura bilketa larunbat honetan bertan hasiko dute Zarahitzekoek: Santomas azokan, Lege Zaharren enparantzan, talo postua eta sinadurak biltzeko mahaia jarriko dituzte.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide