Gure Esku Dago mugimenduak erabakitzeko eskubidea zuen aldarri. Zarautzen, eskualdeko beste zenbait herritan bezala, aldarrikapenetatik ekintzetara jauzi egiteko ordua iritsi dela erabaki dute. «Gure Esku Dagok orain arte dinamika bat eraman du, eta ikusten zen herri galdeketa antolatzera begira elkarte propio bat sortu behar zela», adierazi dute Zarahitz ekimeneko talde eragileko kide Goizane Aranak (Arrasate, 1977) eta Patxi Agirrezabalek (Zarautz, 1957). Udaberritik ari dira lanean, eta publikoki duela aste batzuk egin zuten agerraldia. Larunbat honetan galdeketarako bideari ekingo diote, eta horretarako lehen topaketa antolatu dute; Aritzbatalde kiroldegiko aretoan izango da, 10:00etan.
Azpeitian ekainean egin zuten herri galdeketa, eta duela hilabete Zarautzek haien lekukoa hartu zuen, eskualdeko beste herri batzuekin batera. Ezinbestekoa zen haiek abian jarritakoari jarraipena ematea?
Patxi Agirrezabal: Sinbolismo pixka bat dauka, are gehiago galdeketa Urola Kostara zabalduta. Goierrikoek egina dute, baita Debagoienan ere, eta asmoa da eskualde mailan guk ere gauza bera irudikatzea. Azpeitikoa erreferentzia izan da, eta maila goitik jarri dute.
Goizane Arana: Ikusten duzunean haiek egin dutela, gu nola geratuko gara bada atzean. Segitu beharra dago, eta osotasun bat eman, eskualdeko ikuspuntuarekin.
Ekitaldi hartatik epe laburrera aurkeztu zenuten Zarahitz, herriko hainbat talde eta eragileren babesean.
G.A.: Dozena bat lagun ari ginen lanean, eta egiten ari ginena kanpora ateratzeko beharra ikusten genuen, herrian zer-nolako giroa pizten zuen ikusteko. Orduan, erreferentziazko pertsonen zerrenda bat osatu genuen, eta, gainera, pentsamendu eta ideologia ezberdinetako jendea izatea nahi genuen. Deika hasi, eta harrituta geratu ginen jendeak zer erraz eman zigun baiezkoa aurkezpenerako. Erantzuna positiboa izan zen, eta espero baino jende gehiago bildu ginen. Ongi ekin genion, eta baikortasun bat piztu zigun.
Herrian zer nolako oihartzuna izan du? Herri galdeketaren inguruko interesa piztu duela uste al duzue?
G.A.: Ikusteko dago oraindik.
P.A.: Nik erreakzio batzuk jaso ditut animoak emanez-eta...
G.A.: Positiboa izan zen hasierako babes hori, eta orain bigarren pausu inportantea ematera goaz, larunbateko topaketarekin. Jendearen erantzuna orokorrean baiezkoa izaten ari da. Jendea animatuta dago, eta parte hartu nahi du.
P.A.: Azken urtetan jendea ez da asko mugitu, eta pixka bat zain zegoen. Orain parte hartzeko prest dago, norberak ere zerbait egin behar duela sentitzen baitu. Horrez gain, beste herrietan ere egin dira galdeketak, hedabideetan ere oihartzuna izan du eta horrek guztiak eragina izan du.
G.A.: Herri mugimendua oro har nahiko geldirik ikusten dut, eta honekin, agian, olatu bat etorri daitekeela antzematen dut. Jendea bere aletxoa emateko prest dago, gehiago ala gutxiago, baina oro izango da balekoa.
P.A.: Edonola ere, jendearengana iristen asmatu behar dugu. Oso zailak diren sektore batzuk ditugu identifikatuta, dela gazteak dela erdal ingurukoak. Herri galdeketak jende askori ez dio ezer esango, eta, agian, ez zaie iruditzen zerbaiterako balio duenik. Lan handia dugu sektore horiekin, eta uste dugu pedagogia handia egin beharko dugula.
Larunbat honetarako lehen topaketa antolatu duzue. Argi utzi duzue ekimen irekia dela, herritar guztientzat dena.
G.A.: Bai, erabat. Sektore guztietako herritarrak etortzea nahi dugu, eta, egia da, agian, gazteriara eta erdal ingurura iristeko zailtasunak ditugula.
P.A.: Politikoki ere zailtasunak ditugu. PSE-EE eta PP alderdien inguruko jendearengana gerturatu gara, baina ez direla ekimenean barneratuko erantzun digute. Luzerako doan zerbait da, eta berriro beraiekin hitz egiteko asmoa dugu.
G.A.: Guztien parte hartzea behar dugu, ezezkoaren kanpaina egiteko bada ere. Hori baita inportanteena, eta ez horrenbeste emaitza.
P.A.: Ezetza ere bertan izatea nahiko genuke. Orain, haiek ere dinamika honetan tokia izan dezaten asmatu beharko dugu.
Beraz, emaitzak ez dauka horrenbeste garrantziarik, parte-hartzeak baizik?
G.A.: Bai, bai. Arrakasta izango litzateke parte-hartzea ahalik eta handiena izango balitz.
P.A.: Hau guztia egungo egoeran kokatzen dugu. Egungo antolamendu politiko instituzionala kolpe militar frankistaren ondorio batetik dator, trantsiziotik. Baina garbi dagoena da hemen [Euskal Herrian] konstituzioa ez zela onartu, eta nolabait ere lortu beharko genuke aldarrikatzea guk antolakuntza politiko propioa behar dugula. Aukera izan behar dugula hori gainditzeko historikoki, abiapuntu bat nahi dugulako. Azkenean, sakontze demokratiko bat falta da: erabakitzeko eskubidea, alegia.
G.A.: Eta benetan zenbatzea zein den errealitatea. Herriak zer nahi duen jaso nahi dugu. Azkenean, estatus politikoa presente dagoen gaia da. Bada, eztabaidatu dezagun. Horregatik dira ongietorriak iritzi guztiak, eta iritzi guztiak izanda gehiago sakonduko dugu. Hori baita demokraziaren helburua.
P.A.: Ederra izango litzateke guztiok elkartzea eta erabakitzea behingoz hau zer den.
Estreinako topaketa horretan zer aztergai izango dituzue?
G.A.: Herriari adierazi nahi diogu galdeketa aurrera eramateko badela talde bat, eta hori gauzatzeko zer prozesu jarraituko dugun. Hiru fase garbi ikusten ditugu. Lehena sinadura bilketa izango da, eta herri galdeketa egin ahal izateko erroldaren %10ak sinatu beharko du gutxienez. Behar adina sinadura bilduz gero, antolaketara pasatuko ginateke, eta, azkenik, hitzordu handia etorriko litzateke, galdeketaren eguna. Gainera, zer-nolako antolaketa irudikatzen dugun azalduko dugu. Talde eragile bat egongo da, baina lantalde autonomoak egongo dira martxan. Baina jendea behar dugu lanerako, eta edozein lan xume egiteko bada ere, herritar oro izango da ongietorria.
Galdeketarako galdera ere zehazteko asmoa duzue, ezta?
G.A.: Bai, eztabaida hori ere jarriko dugu mahai gainean, eta bertan galdera adosten saiatuko gara. Zarauztik egingo dugun proposamena izango da eskuldean egin nahi den galdeketarako. Izan ere, galdera bakarra izango da guztiontzat.
Galdera eta galdeketa eguna bera izango bada guztientzat, zergatik eratu zarete herriz herri eta ez eskualde mailako talde orokor batean?
G.A.: Eskualde mailan badago koordinazio talde bat, eta gero herriz herritako talde autonomoak gaude. Eztabaida egon zen bere garaian, modu bateratuan eta marka berarekin egin behar genuen ala talde autonomotan. Ikusten genuen herri batetik bestera ezberdintasunak zeudela, eta errazagoa izango zela herri bakoitzak bere taldea izatea funtzionamendurako, nahiz eta garbi izan galdera eta data bera izango dela, baita galdeketa egunerako logoa ere.
Eta hurrengo pausoak zeintzuk izango dira?
G.A.: Abenduaren 13an eskualdeko agerraldia egingo da, Modelo aretoan, eta bertan azalduko dugu eguna eta galdera zein izango diren. Egun horretan bertan hasiko dugu sinadura bilketa, eta lehenengo lana hori izango da. Aterako balitz, galdeketa antolatzera begira jarriko ginateke; eta egitarau bat ere martxan jarriko dugu: hitzaldiak, eztabaida saioak, herriko eragileen inplikazioa bilatuko dugu...
P.A.: Lanik zailenetakoa izango da herriko eragile eta talde guztiak honen parte izatea.
G.A.: Herriak sentitzea ekimen hau beraiena ere badela. Azkenean, herriaren proiektua da hau. Beraz, gure lanik handiena izango da norbanakoekin eta eragileekin harremanak egitea, bakoitzak bere aletxoa emate aldera.
Zergatik da garrantzitsua herri galdeketa bat egitea, eta zergatik joan behar dute herritarrek bozkatzera?
P.A.: Gure Esku Dagok badu bide orri bat, eta badirudi galdeketa orokorra 2019an egin nahi duela. Hemen egin nahi dugun galdeketak bere garrantzia dauka, data horretara begira girotzen joateko. Nik uste dut herritar guztiok egin behar dugula ariketa bat horren inguruan. Berritu bat behar dugu bizikidetza aldetik: harremanetan izan ditugun desoreka horiek reseteatu behar ditugu, eta abiapuntu bat jarri. Pasa dena ezin da ahaztu, baina ezin dugu une oro azaleratzen ibili eta ezin du oztopo izan aurrera egiteko. Herri galdeketa honekin lortu beharko genukeena litzateke, guztion artean erabakitzea zer-nolako antolaketa politiko instituzionala nahi dugun. Aukeratze horrek eman beharko liguke nortasuna, hemendik aurrera abiatzen garela esateko.
G.A.: Benetan demokrazian sinesten badugu, oinarrian dagoen ariketa bat da herriari hitza ematea. Honek ez du esan nahi ideologia jakin bateko jendearentzat denik, guztientzako izango da baliagarria. Nolabait esateko, denok buruan dugun gaia da: batzuek estatu federala nahi dute, beste batzuek indenpentea, besteek gaur egun bezala jarraitu... Eztaibaida mahai gainean dago, eta herri galdeketak normalizazioan lagunduko luke, gaiaz lasai hitz egiteko aukera emanez.