Manu Urbietaren «erruz» jarri du Jurgi Olaizola Txili-k (Zarautz, 1981) erakusketa Lukasen. «Berak ere Lukasen izan zuen erakusketa duela urte batzuk eta ordutik hainbat sortzaileren lanak eraman ditu hara. Denbora da niri ere gonbita egin edo erronka proposatu zidala, eta aurten eutsi diot». Udan ahal zuen lekutik denbora atera eta pintatzeko erabili du. «Plazerra izan da, eta madarikazioa, lanak bukatu eta prestatu behar nituelako».
Zertan oinarrituta daude zure lanak?
Musikarekin lotuta sortu ditut, kanta jakinek sortutakoa pinturara eramaten saiatuz edo, besterik gabe, pinturak agindutako bideak musika batekin lotu ditudalako. Pinturatik abiatu naiz lan hauek egiterakoan, ahalik eta askeen margotzen saiatu naiz, eta lan bakoitzari askatasuna ematen, berak eramateko iradokitzen zidan bidetik. Bozetorik egin gabe sortu ditut, batetik bestera salto eginez, interesgarriak iruditzen zaizkidan teknikak elkarren artean nahastuz eta behin eta berriz berreginez.
Pinturak hitz egin dezala diozu. Zer dute esateko?
Pintura bakoitzak dauka bere izaera, bere arima, eta bakoitzari kontatuko dio zerbait desberdina. Iradokiko dio zerbait edo sortuko sentipenen bat.
Noiztik lantzen duzu pintura?
Gogoratzen naizenetik marraztu izan dut, haur guztiek bezala. Betidanik gustatu izan zait marraztea, eta pintatzea pausu bat gehiago dela iruditzen zait. Denok lantzen dugu hori ere, baina gehienek utzi egiten dute. Kontzienteki Arte Ederrak egin nituenetik landu dut, tarteka: ilustrazioa, grabatua edo eskultura landu izan ditut bitartean, eta ezer egin gabe ere denbora luzez egon naiz.
Hasieran figurazioa lantzen zenuen, eta gero esperimentaziora jo duzu. Askatzeko balio izan al dizu?
Esperimentazioa arteari loturik dagoela uste dut, sormen lanak berez dakarrela esperimentatzea, probatzea, zerbait berria sortzean beti dagoela present. Lehen lotuago nengoen figuraziora; prozesu zein material desberdinak probatu arren, figurazioarekin lotzen nituen, azkenaldian hondo gisa erabiltzeko bakarrik bazen ere. Materikotasuna landu arren, ez nintzen horretan bakarrik zentratzen.
Nire kasuan sortze prozesua jolas bat da; esperimentazioa bizipenekin lotzen dut, prozesu horretan sortzen diren sentipenekin. Gauza berriak deskubritzeko margotu dut eta bide hori egin zait interesgarrien. Margotzerakoan nituen loturekin, aurrez izandako ohiturekin apurtzen saiatu naiz. Horrek sortu dit askatasun sentimendua, hein batean, kontzienteki bilatu dudalako. Margotzean neure mugak apurtzen saiatu naizelako.
Nola da zure lanketa prozesua?
Oraingoan bozeturik eta aurre prestaketarik gabe ekin diot lanari, materialek nola erantzuten zuten ikusteko froga batzuk egin nituen eta koadroak margotzeari ekin nion. Hasieran zuria bakarrik erabiltzeko asmoa nuen, baina mila tonalitate izan ditzake zuriak, eta pixkanaka kolorea gailentzen joan zitzaidan. Lanek eraman naute kolorea ere erabiltzera, baina ez dut gehiegi landu. Aurrez erabili gabeko materialekin edo gutxi ezagutzen nituenekin egin dut lan. Hondarra, estukoa, porlana, landare zuntzak... Espatulaz margotu dut, gainera; aspaldidanik nuen gogoa egiteko. Asko ikasi dut materialekin jolastuz eta, noski, akatsak eginez.
Akatsetatik ikasi al duzu?
Akatsetatik gehiago ikasten da lehenengoan asmatzen duzunean baino. Igeltsero txar baten lanetik abiatu naizela esan daiteke, txukun eta garbi beharrean, narrats eta akatsekin lan eginez. Baina akats horiek, narraskeria, lanean integratu eta garrantzia emanez.
Itzalei, materiari, formei, ehundurei ere eman diozu garrantzia.
Gehienetan bigarren mailan geratzen diren elementuak dira. Pintura planorako joera da nagusi, espresatzeko irudiaz, koloreaz, baliatzen dena. Nik besteei eman nahi izan diet garrantzia. Pintura bat osatzeko orduan, elementu ezberdinen arteko elkarrizketa bat lortu behar da, indarrak konpentsatu edo deskonpentsatu behar dira.
Ehundurei edo gestualitateari garrantzia emanez, barne bulkadak argiago ikusten direla iruditzen zait. Irudia alde batera uztean, pinturaren izaera azaleratzen dela.
Zarautzen erakutsi ondoren, Donostian izango dira ikusgai zure lanak. Non? Noiztik?
Lukas Gourmeten jarriko ditut lanak. Hilabete bukaeran jartzeko asmoa daukat, abendu hasierarako. Lekua askoz handiagoa da eta formatu handiko lan pare bat ontzen ari naiz orain.