Artista zarauztarrak hainbat margolan paratu ditu Itzal erratuen musika erakusketan. Izenburuarekin proiektuaren nondik norakoa azaltzen ahalegindu da, gainera. "Kolore eta formek adina garrantzia dute, edo gehiago, keinuaren arrasto eta bolumenek. Hortik itzalarena, bolumenak sortzen ditu itzalak. Formek sortzen dituzte, koloreak ez dauka itzalik", aditzera eman du Txilik.
Figurazioari lotuta aritu ondoren, bestelako bide bat urratu nahi izan du oraingo honetan. Bere esanetan, "askapen ariketa" izan da: "Pinturaren izaera esploratzeko esperimentaziotik sortutako lanak dira, esperimentuak beraiek ere, frogak. Prozesuak, sortzearen plazerrak bideratuak". Nolabit ere, hortik jaso du erratu hitzaren kontzeptua: "Erroreak, bat bestearen gainean ondutako akatsak. Haien artean sortzen den elkarrizketak osotasun bat ematen dien errore pilaketa".
Musika bezala margolanak ere "konposizioak" direla nabarmendu du: "Nota eta erritmoen ordez kolore eta ehundurez osatuak. Begiekin entzuteko lanak izan zitezkeen, baina begiekin ukitzekoak dira". Hori horrela, azalpenen gainetik, "pinturak hitz egin dezala, abestu dezala" dio artistak.