Legebiltzarrerako hauteskundeak

"EAJk lortutako emaitza ezin hobea da"

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 26a, 12:24

EAJ izan da lehenbiziko indarra Zarautzen Eusko Legebiltzarreko bozetan.

Zarauzko EAJko presidente Joakin Landa “oso harro” dago Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan alderdi jeltzaleak izandako emaitzarekin. “Hainbat urtean baxu samar ibili gara, baina urtetik urtera, hauteskundetik hauteskundera botoak irabaziz goaz, eta oraingoa 30 urtean izandako emaitza onena da”. 1986tik, alderdi jeltzalea eta EA banatu zirenetik, Zarautzen izandako emaitza onena, hain zuzen ere.

Parte hartzea Zarautzen %2,6 jaitsi bada ere, EAJk duela lau urte baino 128 boto gehiago eskuratu ditu, 4.888 boto guztira, botoen %42,02a, zehazki. Jesus Arana Zarauzko EAJ udal taldeko bozeramaileak gogoratu du Zarauzko bigarren indarrak, EH Bilduk botoen %30,26a lortu duela, 3.520 boto, zehazki. “Emaitza ezin hobea izan da, beraz”.

Duela lau urte, Eusko Legebiltzarreko bozetan 4.760 zarauztarrek bozkatu zuten EAJ, eta 2015eko maiatzaren 15eko udal hauteskundeetan, berriz, 4.813 herritarrek. “Gure alderdia igotzen ari da, herritarrak poliki-poliki guregana gerturatzen ari dira eta hori ikaragarria da herri mailan”, dio Landak.

"Inor atzean utzi gabe"

 “Garbi dago, Zarautzen zein Euskadi mailan, alderdia sendo dagoela, bateratua. Euskadi ezberdina da, bere erritmoak ditu, eta herritarrek eskatzen dute poliki-poliki Euskadiren etorkizuna eraikitzen joateko”. Programak alderdi jeltzalearentzat konpromisoak direla nabarmendu du Aranak: “EAJk konpromiso hori hartu du herritarrekin hauteskunde hauetan. Gaur, bozen ondoren ere, berresten dugu Zarautzen zein Euskadi mailan hartutako konpromisoak betetzeko lan eta ahalegin guztiak egingo ditugula”. Besteak beste, aberastasuna sortu, ekonomia indartu, enplegua sortzea du helburu, eta hori guztia gizarte kohesionatu baten barruan lortu behar dela, “alegia, inor atzean utzi gabe”.

 Biek ala biek eskerrak eman dizkiete kanpainan lanean jardun duten alderdikideei, eta bereziki, zarauztar guztiei, emandako konfiantzagatik. “Gure lana udaleko ordezkariekin harremanetan egon eta herriarekin kontaktuan izatea da, lan eginez batera”, adierazi du Landak. Alderdiaren lana txakolinarekin alderatu du: “Alderdiaren lana lurrarekin lan egitea da, eta fruitua ateratzea. Gerora, txakolina ona ateratzen bada, beste batzuk egingo dute lan. Baina gure eginkizuna da jendearekin, herritarrekin harremanetan egon eta alderdikide gehiago lortzea”.

 

 

 

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide