Festak, usadioari eutsiz

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko irailaren 1a

Aurreko urteko Zarauzko Euskal Jai Eguneko une bat (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Gaurtik hasi eta hilaren 9ra ospatuko dute Euskal Astea Zarautzen .Aurten, hainbat berrikuntza izango dira, besteak beste, orga lehiaketa eta gazteentzat dantzaldia Munoan.

Abuztua amaitzearekin batera, heldu da zarauztarrentzat urteroko hitzordu «kuttuna»: Euskal Astea. «Tradizio handiko festak» izaki,  urtero legez, egitarau betea antolatu dute Zarauzko Udalak—Turismo Bulegoaren eta Jaiak eta Ekitaldiak sailaren bitartez— , Gurekin Jai festa batzordeak, EHEk eta AEK-k. Xabier Txurruka alkateak jakinarazi du gaur hasiko dituztela asteko ekitaldiak, eta Euskal Jai Egunera arte, hilaren 9a, iraungo dutela ospakizunek.
 
Nekane Iribar Kultura eta Euskara zinegotziaren arabera, «hasiera ezin hobea» emateko, herriko askotariko taldeen emanaldia izango da gaur. Ez dute aurreratu nahi izan; «sorpresa» dela jakinarazi dute. Ondoko eragile zein taldeek hartuko dute parte Dezagun gutxi, dezagun beti emanaldian: Alproja antzerki taldea, Jaione Escudero, Txinpirin abesbatza, Udaberri abesbatza, Nahiko Larri trikitilari taldea, Jalgi dantza taldea, Goizeko Ihintza txistulari taldea, Artezaleak, Pako Serras, Miriam Mendoza, Eneritz Aulestia, Olatz Leturiaga, Ainhoa Garayar, Mattin Ostolaza, Aitor Amilibia, Maialen Ondarra eta Aratz Olaizolak, hain zuzen.  

Berrikuntza gisa, aurten, lehenbiziko aldiz kalean egingo dute. Aurreko urtetan Modelon eskaini dute, eta parte-hartzaileek hala eskatuta, aurten Lege Zaharren enparantzara ateratzea erabaki dute, «herriak sortutako ikuskizun bat herriko plazan eskaintzeko».  Horretarako, muntaketa berezia atonduko dute.
Bestalde, bihar, etzi eta hilaren 7an askotariko lehiaketak izango dira. Bihar Bikote Gazteen Dantza Txapelketa eta Bertsolari Gazteen XL. Lizardi Saria jokatuko dituzte. Azken sari horren kanporaketak aurrez izan dira, abuztuaren 25ean eta 26ean, finalerako sailkatuak zehazteko. Honakoak dira bihar lehiatuko direnak:  Aitor Salegi, Aitor Servier, Eli Pagola, Maialen Akizu, Aratz Igartzabal eta Unai Mendizabal. Ekitaldi berean banatuko dute XXXII. Basarri Saria ere.

Larunbatean XXVIII. Aurresku, IX. Soinu Zahar eta  Binakako Dantza  Txapelketak izango dira, eta asteazkenean, berriz, Trikitilari Gazteen XXXVI. Txapelketa. Bertsolari gazteen zein trikitilarien txapelketetarako sarrerak Turismo Bulegoan eskuratu ahalko dira aurrez, eta leihatilan egunean bertan, sariketa hasi baino orduerdi lehenago. Helduek 3 euro ordaindu beharko dituzte, eta Gazte Txartela dutenek, berriz, 2 euro.  

Egun horretan, halaber, Euskaraz Bizi Eguna ospatuko dute, eta urtero bezala, Euskararen aldeko lasterketa zein herri bazkaria izango dira, EHEk eta AEK-k antolatuta. Gauean, berriz, kontzertuak izango dira txosnagunean, eta baita aurreko egunean ere, karaokearekin eta Jantoki Beganoak eskainitako afariarekin batera.


Haurren eta helduen jaia

Igandean haurren txanda izango da. Herri ezberdinetatik heldutako dantzari txikiak Lege Zaharren enparantzan bilduko dira goizean, eta eguerdian, Zarauzko alkateak harrera egingo die Alkate Txikiei. Ondoren, dantza erakustaldiak, kalejirak eta erromeria izango dira etxeko txikienekin.

Hilaren 9an, Euskal Jai Egunean, «zarauztarrok hainbeste maite dugun egun bereziarekin» amaituko da aurtengo Euskal Astea, alkateak nabarmendu duenez. Goizetik, «aintzinako ohiturak berreskuratuz», goiz eresia, Goiztiarrak taldea, txistulariak, trikitilariak, dultzaineroak eta Iturengo tunturroak ibiliko dira kaleak girotuz. Ohitura legez, eguerdian Alproja antzerki taldeak kalejira egingo du Munoaraino, han antzezlana eskaintzeko. Aurten Zarautz 2016: Kultur herriburua deitu diote lanari.


Orgak eta erromeriak

Egun horretan ere hainbat berrikuntza izango dira. Batetik, erromeria bi gunetan izango da, eguerdian. «Pentsatuz jende asko etorriko dela, ostirala eta jai eguna denez, nahi izan dugu Musika Plazan eta Lege Zaharren enparantzan erromeriak bikoiztea, jendeak lasai dantza egiteko aukera izan dezan», nabarmendu du Txurrukak.

Bestetik, orga txapelketa egingo dute lehenbiziko aldiz, «festa girotzeko, herritarrek sormena landu eta karrozen ohituraren oinordeko horrekin jaia janzteko» helburuarekin. Hala, garai bateko karrozen lehiaketako tradizioari eutsi eta formatu txikiagoko orgen inguruan sortzen den giroa balioan jarri nahi du udalak. Parte-hartzaileek Zarautzen erroldatuta egotea beharrezkoa izango da. Gaia librea da, baina beti ere, euskal kultura edota Euskal Jaietako ohiturekin lotura izan beharko du. Ez dituzte onartuko saltoki handietako orgak, eta horien bidez ezingo da publizitaterik egin. Txapelketan parte hartzeko, izena Turismo Bulegoan eman behar da irailaren 8ko 16:00ak bitartean. Izena emandakoan, parte-hartzaile bakoitzak zenbaki bat jasoko du. Zenbaki hori bistan izan beharko da lehiaketa egunean.

Euskal Jai Egunean, orga guztiak Lege Zaharren enparantzara eraman behar dira, 13:30ean. Une horretan izango da sari banaketa. Guztira, hamabi sari banatuko dituzte.Lehenbiziko postuan sailkatzen denak 300 euro jasoko ditu, eta gainontzeko 11 sarituek, berriz, 150na euro. Txurrukak herritarrak lehiaketan parte hartzera gonbidatu ditu, «ilusioarekin eta irudimenarekin egin daitezkelako gauza politak, azken urtetan narrats ikusi ditugun orgen ordez».

Arratsaldean, Haurren Euskal Jai Egunean bezala, kalejiran joango dira herritarrak Iñurritzara eta han erromeria eta Larrain dantza izango dira. Gero, gauean, musika izango da Musika Plazan eta Munoan. «Ohitura denez, 22:30ean erromeria izango da Musika Plazan trikitilariekin, eta aldi berean eta berrikuntza gisa, Munoan ere emanaldia izango da. Jai eguna denez eta gazteak horrela eskatuta, dantzaldi berezia izango da Trikidantz taldearekin».


Errauste planta

Txosnagunean ere izango da festarako tartea Euskal Jai Egunean, bihar eta etzi bezala. Kontzertuez eta disko-jartzaileaz gain, errauste plantaren aurkako ekimena egingo dute 19:00etan eta Askapena erakundeak afariak eskainiko ditu, 20:30etik aurrera .

Erlazionatuak

Euskal Asteko egitaraua

Zarauzko Hitza 2016 abu 29 Kultura

Festak «alai eta umore onean» pasatzeko gonbita

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016 ira 01 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide