Festak «alai eta umore onean» pasatzeko gonbita

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko irailaren 1a

1924az geroztik antolatzen dute Zarautzen Euskal Astea. Hori dela eta, tradizioari eutsi behar zaio, Xabier Txurruka alkatearen esanetan. Horrenbestez, Zarautzera «txukun jantzita» etortzeko eskatu du, «zarauztarrontzat janzkera ere oso garrantzitsua delako». Hori nabarmendu dute baita ere Euskal Asteko egitarauan bertan ere, Txurrukak berak sinatutako Herria maitatu, herritarrak errespetatu idatzian.

Horrekin batera, idatziaren bidez adierazi du «Zarautz herri euskalduna dela, euskaraz bizitzeko festa bat dela eta kanpotarrei ikusarazi behar zaiela Euskal Jaiak baduela bere izaera eta xarma berezia». Azken urtetako festen ondorioak ikusita, hondakinak egoki jasotzeko baliabideak jarriko dituzte, garbiketa zerbitzua indartuz eta edukiontzi gehiago jarriz.

«Festak alai eta umore onean pasatzera gonbidatu nahi ditut herritarrek, kontuan izanda norberaren festa bestearen errrespetuarekin uztartu beharko genukeela». Azken egunetan komunikabideetan eraso sexisten inguruan kaleratutako albisteei egin die erreferentzia. «Jai baketsuak izatea nahi ditugu, eta ez dugu inolako eraso sexistarik onartuko».

Era berean, garraio publikoa erabiltzeko gomendatu die bisitariei alkateak.Jakinarazi du tren eta autobus zerbitzu bereziak jarriko dituztela egun horretarako.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide