Elkarretaratze isila egin dute ehunka lagunek gaur eguerdian Lege Zaharren enparantzan, aste honetan sexu erasoa salatu duen adin txikiko emakumeari babesa agertu eta gertakizuna gaitzesteko. Bukaeran hitza hartu du Zarauzko Mugimendu Feministako kide batek eta adierazi du Zarautzen izandako bortxaketa ez dela "isolatua". "Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, meneko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik", gaineratu du.
Indarkeria sexistak" lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala" izaten jarraitzen duela nabarmendu du, "ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara".
Adierazi duenez, horri aurre egiteko "ezinbestekoa" da emakumeak "elkartzea, elkarrekin indartzea, autodefentsa feminista lantzea, ahalduntzea pertsonalki zein kolektiboki, bizi garen sistema patriarkalak egunero jartzen dizkigun ataken aurrean salto egiteko eta indarkeria mota anitzei aurre egiteko".