Bortxaketa salaketa jarri du adin txikiko emakume batek Zarautzen

Zarauzko Hitza 2016ko abuztuaren 19a

Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du bihar eguerdirako. Xabier Txurruka alkateak jakinarazi du epaileak fiantzarik gabe aske utzi duela atxilotua.

"Abuztuaren 16ean Zarauzko goiko kanpineko inguruetan bortxatu zuen gizon batek Zarautzera oporrak igarotzera etorritako adin txikiko emakume bat", jakinarazi du Zarauzko Mugimendu Feministak. Hala, elkartasun osoa adierazi dio "aste honetan bortxatua izan den emakumeari eta bere familiari", eta elkarretaratzea deitu du biharko. 12:00etan izango da, udaletxe atarian.

Bere aldetik, Xabier Txurruka alkateak ondokoa adierazi du sare sozialetan zabaldu denaren aurrean: "Sexu eraso bat gertatu izanaren salaketa egon da aste honetan Zarautzen. Ertzaintzak kasua aztertu du eta frogak Azpeitiko epaitegira bidali dira. Ikerketa sekretupean burutu du Azpeitiko epaileak eta atxiloketa bat egon da".

Alkatearen arabera, atxilotua gaur goizean eraman dute epailearen aurrera eta inplikatuen zein lekukoen deklarazioa ere jaso du. Horren ondoren, epaileak aske utzi du atxilotua, fiantzari gabe. 

"Ez da eraso isolatu bat"

Atxilotua libre utzi badute ere, deialdiarekin aurrera jarraituko du Mugimendu Feministak. "Salaketa jarri duen emakumeak ez du inongo momentutan atzera egin ezta salaketa erretiratu ere. Gure ustetan, ez ezetz da, beti, nahiz eta, zoritxarrez, egungo sistema judizialean ez den beti erraza hori horrela izan dela frogatzea. Ez gara sartuko gauzatu den bide judizial zein poliziala epaitzera, baina guk salaketa tarteratu duen emakumearen hitza hartzen dugu aintzat, norbere borondatearen aurka egindako edozein ekintza erasotzat hartzen baitugu. Ezetza ezetza da beti".

Hala, gertatutakoa salatzeaz gain, instituzio publiko politikoei "gure herriko txoko eta bazter guztiak emakumeontzako irisgarri eta seguru izan daitezen, gune ilunen inguruko lanketa egiteko exijitu" dio, "behar diren eztabaidak eta lanketak eginez".


"Zarautzen izandako bortxaketa ez da isolatua, ez da ero batek egina... Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek  sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, meneko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik", gaineratu du. Indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen duela dio, "ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara".

Eraso guztiak salatzeko

Adierazi du emakume bat erasotzean, "guztiok garela erasotuak" eta emakumeei "ezinbestekoa" zaiela "elkartzea, elkarrekin indartzea, autodefentsa feminista lantzea, ahalduntzea pertsonalki zein kolektiboki, bizi garen sistema patriarkalak egunero jartzen dizkigun ataken aurrean salto egiteko eta indarkeria mota anitzei aurre egiteko". "Emakumeon aurkako bortxaketa, eraso,  zein egoera larrienetan erailketen aurrean jendarteari, gure herria osatzen dugun herritar orori dei egiten diogu gaur egun dugun egoera aldatzen joateko neurriak hartzen has gaitezen".

Horregatik, biharko elkarretaratzean parte hartzeko eskatu die herritarrei, "uda osoan Euskal Herrian zehar gertatu diren eraso guztiak " salatzeko baliatuko baitutate.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide