Fitxaketa berria Babyauto Zarautz Rugby Taldean

Zarauzko Hitza 2016ko abuztuaren 8a

Jose Manuel Iglesias zuzendaritzako kidea (ezkerrean) eta Joan Tudela jokalari berria. (ZRT)

Lehen lerroak indartzeko, Joan Tudela valentziarra fitxatu dute.

Senior taldea hasi da lehen entrenamenduekin. Phil Huxford entrenatzaileak taldea sendotu nahi du "denboraldi luzea ongi baina hobeto hasteko", eta horregatik prestaketa fisikoan jarri ditu jokalariak.

Lehen lerro horiek indartzeko asmoz, Joan Tudela fitxatu dute. Orain arte Ampo Ordizia taldean aritu da valentziarra. ZRTtik jakinarazi dutenez, bost urte eman ditu Goierriko taldean, eta denbora horretan bi errege kopa irabazi ditu eta 6 Nazioen B mailako lehiaketan ere parte hartu du. Ampo Ordizia taldearekin ez du kontratuaren luzapena sinatu, eta ondorioz, Zarauzko taldearekin jokatuko du denboraldi berria.

"Corey Simpson eta Phil Huxfordekin batera, talde zarauztarrari buelta bat ematen saiatuko da, orain arte B mailako liderrak izan direnei gorako beste bultzada bat emanez", nabarmendu dute ZRTtik.

Aldaketak

Zarauzko Rugby Taldeak "garbi" ditu aurtengo helburuak. Aurreko bi denboraldietako emaitzak errepikatu nahi ditu eta lehen aldiz igoera faseko lehen erronda gainditu. "Erronka gogorra baina motibatzailea" dela diote.

Gogoratu dute "aurreko urtean halako pozak sortarazi zituen taldeak" hainbat aldaketa izan dituela. "Lagun batzuk taldea utzi dute, baina lau gaztek ere goiko mailan jokatu ahal izango dute". Era berean, Tudelaz gain, Corey Simpson fitxatu dute, Lucas Panichellik taldea utzi ostean.

Iñigo Lasak eta Cristian Zapateriak ere ez dute jarraituko aurten. "Taldeak beste hutsuneren bat ere izango du gainera, lan arazoengatik jokalari batek edo bestek ezin izango duelako aurten lehen taldearekin jokatu". Horiek bigarren taldean ariko dira, Euskal Ligan.

"Babyautoko mutilek garbi dute Astiko zelaia euren gotorlekua dela, inork ez duela euren etxean garaipenik eskuratu, eta hori bermatzen jarraitu nahi dute", gaineratu dute. Ohorezko B mailan, zarauztarrez gain, Uribealdea, Aparejadores de Burgos, Eibar, Bera Bera, Blusens Vigo, El Salvador B, Durango, CRAT A Coruña, Campus Ourense eta Universitario Bilbao lehiatuko dira. Aurten, gainera, beste erronka bat ere badutela gogoratu dute; izan ere, aurtengo denboraldian Astiko kirol instalazioak berrituko dituzte.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide