Rikardo Arregi sarietako epai-mahaiaren aipamen berezia jaso du Amagoia Gurrutxaga (Matxinbenta, 1971) Berriako kazetariak. Esparru askotan ekintzaile izandako Kristine Etxaluz (Domintxaine, Zuberoa, 1941) elkarrizketatu zuen sakon Zarauzko bizilagunak Jakin aldizkarirako, eta kazetariaren arabera, Etxaluzena da saria, bere izaera eta ibilbidea direlako lanaren mamia.
Zer garrantzia du zuretzat aitorpen horrek?
Sariak jasotzea beti da pozgarria. Kazetaritzari ez zaio ematen prestigio handirik, eta euskarazkoari oraindik eta gutxiago; baina sari honekin lortzen dugu euskarazko kazetaritzak urtean behin erdarazko hedabideetan ere oihartzuna izatea. Oso gogorra da oraindik Euskal Herriko hedabideen egoera; komunikabide askotan daude euskarazko prentsa edo baliabideak kontsultatzeko gai ez diren kazetariak. Jakinerako egin dudan elkarrizketa, esate baterako, ezingo dute ulertu herri honetako hedabideetan lan egiten duten politika saileko kazetari askok, hori aldatu beharra dago.
Zeuk aukeratutako pertsonaia izan zen Etxaluz?
Jakin aldizkariko Lorea Agirre zuzendariak proposatu zidan. Urtero egiten dute halako elkarrizketa luze bat, biografikoa; eta orain artean inoiz ez zioten egin emakume bati.
Elkarrizketa sakona da, denboraz eta mimoz egindakoa.
Bai. Hiruzpalau aldiz joan gara berarengana, eta sei edo zazpi ordu ditut grabatuta. Telefonoz eta Internet bidez ere harremana izan dugu, eta denbora dezente eskatu dit lanak. Oso esperientzia ona izan da, ordea, Etxaluz ezagutzea, bere bizitza pelikula bat bezalakoa baita.
Zer esango zenieke Etxaluzez elkarrizketa irakurri ez dutenei?
Ekintzaile bat izan zela: emakumeak bigarren planoan zeuden garaian, lehen planotik eragin zuen ekintzailea. Arlo guztietan jardun zuen: politika, gizartea, kultura, antzerkigintza… 68ko maiatzean Parisen zegoen, eta oso bertatik bizi izan zuen giro hura. Ondoren, saiakera egin zuen ikasitako guztia euskarara ekartzeko. Kartzelara sartu zuten Iparraldeko lehen ETAko militantea izan zen Etxaluz; eta ondoren jakin dut musa edo inspirazio iturri bat izan zela garai hartako gizon askorentzat. Hauteskundeetara ere aurkeztu zen. Emakume indartsua zen, etengabe lanean jardun zuena. Egiten zuen guztia gizartea aldatzeko egiten zuen.
Garai hartan militatu izanak; eta, gainera, emakumea izanda, ematen dio izaera berezia?
Bai, baina oso desberdina zen egoera Ipar Euskal Herrian eta Hegoaldean. Hegoaldean, Frankismoak markatzen zuen emakume izateko modu bat: ama, alaba, arreba… zaindari ona. Iparraldean, Frantziaren eraginez, ez zen horren markatua.
Sektoreari begira jarrita, sari banaketan aipatu zenuen ez zenuela argi ikusten erakunde publikoek sinisten ote zuten euskal hedabideen estrategikotasunean.
Informazioaren gizartean, informazioa zein hizkuntzatan eman eta jasotzen den estrategikoa da. Euskarazko hedabideak gutxiengoaren gutxiengoa gara; eta, halere, izoztuta ditugu diru-laguntzak, 2011-2012 urteetatik. Prezioak-eta igo egin dira enpresentzat, eta laguntza berarekin ez gara iristen. Argi dago, sektore batzuk estrategikoak dira makroekonomikoki, eta horiei laguntzen zaie, hori da apustua; industria, kasu. Gu ere estrategikoak omen gara, baina ez dugu laguntza bera jasotzen. Gainera, guk ere aberastasuna sortzen dugu, eta langileak elikatzen ditugu; baina gure sektorea ez dute horrela ikusten. Egunkaria itxi zigutenean, adibidez, ehun langiletik gora utzi gintuzten kalean, Espainiako Gobernuak hala nahita. Halere, ez zen etorri Ekonomiako sailbururik lanpostuak defenditzeko aldarrikatzera. Kulturakoa etorri zen, eta oso ondo dago, baina gu ere langileak gara.
Aurki izango dute euskarazko hedabideek Eusko Jaurlaritzaren laguntzak eskatzeko garaia. Irismena gailendu zen joan den urtean.
Bai, eta maila berean jarri zituzten hedabide nazionalak eta tokian tokikoak. Doako egunkari eta aldizkariak eta ordaindu behar direnak ere parez pare jarri zituzten. Ezin da hori egin: hedabide bat ordaindu egin behar denean, normalena da etxe gutxiagotara iristea. Irismena kontuan hartzeko faktore bat da, jakina; baina ez da bakarra eta garrantzitsuena. Laguntza horien helburua izan behar da euskaldunei aukera ematea euskaraz informatzeko mundu zabalean zein etxetik gertu gertatzen diren gauzez: urrunekoa zein bertakoa. Gezurra da euskaldunei gertukoa soilik interesatzen zaiela, euskaldunek ere jasotzen dituzte munduko albisteak, baina askotan, erdaraz. Zer nahi dugu gauza serioak, benetakoak, erdaraz egitea, eta atariko kontuak euskaraz? Hori ari dira iradokitzen batzuk. Ni euskalduna naiz eta euskaraz nahi ditut munduko albisteak: kontrastatuta eta ondo idatzita, beste edozein hizkuntzatan bezala. Hori ere estrategikoa da, zure burua ohitzen delako dena euskaraz egitera eta ulertzera.
Irismen-lurraldearen egoera soziolinguistikoa ez da kontuan hartzen, beraz.
Ez da gauza bera herri edo eskualde euskaldun batean banatzen den egunkaria edo egunkari nazional bat. Izan ere, egoera soziolinguistikoa oso desberdina da, eta hori guztiok dakigu. Beraz, hitz egin behar duguna da nolatan heldu dioten irizpide horri, kontu hori jakinda.
Euskarazko prentsa eta hizkuntzaren normalizazioa. Elkar eragiten dute?
Euskararen ezagutza goraka doala errepikatzen dute behin eta berriro, baina zer gertatzen da erabilerarekin eta kalitatearekin? Nik Berrian egiten dut lana, eta ikusten dugu unibertsitatetik datozkigun gazte askok ez dutela ondo idazteko gaitasuna. Kezka handia dut. Izan ere, uste dut ez dela belaunaldi oso bat behar hizkuntza trakesteko; gaur egun, urte gutxi batzuk nahikoa dira. Hori bai, belaunaldiak beharko dira hura berreskuratzeko. Hasi behar dugu gauzak behar bezala egiten, eta horretarako gogoa, jendea eta laguntza ekonomikoa beharrezkoak dira.
Euskal prentsan zein kazetaritzan, oro har, asko hitz egiten da paperaren beherakadaz eta aurrera egiteko eredu berriez.
Uste dut tranpa dagoela hor: paperezko euskarrirako egiten den lanagatik ez balitz, ez dakit sarekoak diren hedabide askok izango ote luketen horrenbeste mami. Erraz esaten da desagertu egingo dela, baina ez dut horren argi ikusten. Hala ere, egia da gailentzen ari dela informazioa pantaila aurrean kontsumitzeko joera. Creative Commons eredua ere oso zabalduta dago, eta bat egiten dut nik, baina hor aztertu behar da doan izateak zer neurritan izan dezakeen eragina langileei ordaintzerakoan. Inork ez badu ezer ematen trukean zuk eginiko lanagatik eta erakunde publikoek ez bazaituzte babesten, nola ordain daiteke zure lana? Gero eta gauza gehiago nahi ditugu doan, baina gu ez gaude prest ezer emateko.
Zaila da jakitea prentsaren sektorean aldaketak zer abiaduratan gertatuko diren: unean-unean moldatu behar?
Bai, baina zerbait egingo dugu. Argi dagoen gauza bakarra da kazetaritzak iraun egingo duela. Informazioa gobernuek kontrolatutako agentziek eta erakundeek soilik eman behar badute, esango didazu zer gizarte izango dugun, lehenaz gain. Orduan egi bihurtuko dira Orson Wellesen istorio horiek guztiak