Zer kontatuko duzu datorren liburuan?
Zarauzko postalak lana 36ko gerrako argazki orokorra izan zen; eta, oraingoan, elkarrizketetatik abiatuta, lehen pertsonan jorratuko dut gaia, herritarren gerra puska kontatuko dut. Denetik dago liburuan, desagertutako pertsonen familiak, torturatuenak eta abar. Gainera, gerra gehien sufritu dutenei ahotsa emango zaie; ez frontera joan zirenei, baizik eta etxean gelditu zirenei. Testigantzez gain, herritarren gutunak erabiliko ditut kontakizunetarako: aristokraziaren pisua, egoera sozioekonomikoa, desagerpenak…
Noiztik ari zara horrekin lanean?
Duela hamalau urte hasi nintzen elkarrizketak egiten, neure erara; eta beste batzuk orain egin ditut. Lan honetan hasi nintzen uste nuelako testigantzak jaso egin behar zirela, galdu aurretik.
Nola sortu zitzaizun halako interesa gai baten inguruan?
Kazetaritza ikasten ari nintzela, Argia astekarian hasi nintzen lanean. Han konturatu nintzen adin batetik aurrerako pertsona guztiek gerraz hitz egiten zutela, eta nik ez nekiela ezer horren inguruan. Haien eta gure bizitza baldintzatu zuen, eta nik enekien ezer. Adineko pertsonei hasi ginen elkarrizketak egiten, proiektu finkorik gabe. Duela hiru urte egin zidaten proposamena udaletxetik.
Berriaren Oroiteria webgunean bildu duzue 36ko gerraren inguruko informazioa, euskaraz.
Berrian ikusi genuen gauza pila bat idatzi dela gerraren inguruan euskaraz, baina ez daudela bilduta, erraz aurkitzeko moduan. Edukiak jaso ditugu, eta modu erakargarri batean aurkeztu. Ahotsak.eus-ek eginiko elkarrizketak daude, urteetan ateratako esanen biltegia, gerraren zergatiak eta kokapena, hobien mapa, argazki zaharrak… Eraikitzen ari gara orrialdea, eta nahi dugu garaiko abestiak txertatzea eta gida bat egitea, 36ko historia lantzen duten elkarte eta artxibategiekin. Horrez gain, nahi genuke plaza bat sortu gai horrekin lotutako informazioa partekatzeko. Udazkenerako gelditu zaigu zati hori; interesgarriena, nire ustez. Memoria berreskuratzeko lana oso garrantzistua da, baina hori bezain garrantzistua da eginikoa jendeari ematea. Ariketa ez da bukatzen gizarteari mezua helarazi artean.
Erakunde eta elkarte asko ari dira orain gaia lantzen, baina duela gutxi arte ez da asko hitz egin 36ko gerraz, ezta?
Isiltasuna, elkarrekin ezin hitz egina, gailendu izan da. Herri honetan hildako gehien eragin dituen biolentzia politikoa zigorrik gabe utzi dute, eta gertatutakoa esplikatzeko interesa ere ez da izan erabatekoa, batzuen arabera, “bizikidetzaren izenean”. Egia, justizia eta aitortza aipatzen dira biktimez hitz egitean: justizia ezin da egin testuinguru horretan, eta harengana gehien gerturatzen dena egia da. Egia, ordea, ez da informazioa familiakoei soilik ematea; egia argitaratu egin behar da, denek jakin dezaten zer gertatu zen. Horregatik da garrantzitsua herri guztietan ahalik eta testigantza gehien biltzea: papera ez da hiltzen, baina pertsonak bai. Gauzek izena dute, eta haietaz ez hitz egiteagatik ez dira desagertuko. Pertsona batzuei lasaitasun handia eman diezaiekegu egiarekin.
Hezkuntzatik eragotzi al da transmisioa?
Jakina. Gerra irabazi zuten, eta guztia beraien esku gelditu zen. Bazekiten hezkuntza zela tresna eraginkorrena beraien sistema betikotzeko, eta 40 urte izan dituzte. Ezinbesteko laguntza jaso dute Eliza Katolikoarengatik.
Adierazgarria da memoria berreskuratzeko lan horiek herritarren ekimenetatik sortzea. Erakundeen papera zein da?
1978an herritarrak joan ziren beraien hildakoen gorpuen bila, inoren laguntzarik gabe. Horretan, Nafarroak askoz lan gehiago eta lehenago egin du Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak baino. Jaurlaritzak unibertsitate publikoa izan du gerraren inguruko ikerketa historikoa abiarazteko, eta ez dute egin orain artean. Orain nahi omen dute zerbait egin, eta ondo iruditzen zait, baina oso berandu da. Beti partikularren edo senideen ekimenez egin dira ikerketak.
Zer mezu utzi nahi zenieke herritarrei?
Herritarrei esango nieke etxean gerraz ezagutu dutena konpartitzeko, errelatoa osatzeko. Horrek sendatu egiten du. Oraindik ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen jarraitzen dugu, gaixo gaude. Garai hartako ondorenak jarraitzen du gaur-gaurkoz hemen agintzen, eta gogoratzen jarraitu nahi dutenek puskatu dezakete isiltasuna.