Xabier Txurruka alkateak agerraldia egin du gaur goizean Astiko aisialdi gunean. Bi berri eman ditu bertan: batetik, jakinarazi du Plan Bereziari hasierako onespena eman diotela, eta bestetik, aisi gune horretan Txintxililk II SL enpresak jarritako itxitura kendu duela udalak. Emakidaren lehiaketako pleguetan jasotako eraikigarritasuna finkatzeko idatzi dute Plan Berezia, eta atzo bertan eman zioten lehenbiziko onespen hori, Gobernu batzarrean.
Alkateak gogoratu du pleguetan eraikigarritasuna bikoiztu zutela eta, ondorioz, Plan Orokorrak finkatutakoa ez zela betetzen. Horregatik, alkateak berak ekainaren 9an, dekretu bidez, eskatu zien Hirigintza eta Ingurumen sailei Plan Berezia idazteko. Helburua 2014ean onartutako pleguei babes juridikoa ematea da. "Aurreko agintaldi amaieran, EH Bilduk, PPren babesarekin, onartu zituen badintzek ez zuten Plan Orokorrak finkatutako legezkotasuna betetzen". "Korrika eta presaka" onartutako plegu horiek "ez zuten inongo sostengu juridikorik", nabarmendu du. Orain egoera "legeztatu" egin dute.
Plan Berezia datorren astean publikatuko dute GAOn eta ondoren 20 egunez jendaurrean jarriko dute. Denbora horretan, herritarrek euren iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera dute. "Aurreko agintaldian herritarrei eman ez zitzaien aukera izango dute orain".
Gaia "zeharo lokaztuta" topatu zutela aitortu du, eta zuzenketak egiteak "nahi baino denbora gehiago" eraman dietela. Gaineratu du EH Bilduk eta PPk "gaizki hasitako" proiektuari "etorkizun iluna" ikusten diotela: "Etorkizunean ez dakigu zer gertatuko den Astiko aisialdi guneko egitasmoarekin, enpresa esleipendunak hartu duen bidea ez baita batere itxaropentxua, ez haientzat ezta herritarrentzat ere".
Itxitura, legez kanpokoa
Txintxilik II SL-k hartutako bideari lotuta, alkateak gogoratu du duela hilabete inguru enpresak aisi gunea itxi zuela hesi batekin, taberna eta estalpea eraitsi behar zituela esanez. "Lur eremu honek espazio libreetako sistema orokorraren kalifikazioa dauka, eta lurzorua zein bertako eraikinak udalarenak dira". Zentzu horretan, udalak eraikin horiek botatzeko eta gunea hesitzeko baimenik ez duela eman argitu du.
Enpresako ordezkariek itxitura jarri zutenean, udalak erantzun egin zuten. Hala, ekainaren 29an errekerimendu bat egin zuen, idatzi baten bidez, hesia berehala kentzeko eskatuz. Hiru aste pasata, ez zutela kendu dio, eta denbora horretan, udalak ez duela ezer egin entzutea tokatu zaiola. "Hori esan dutenek jakin badakite ez dutela egia esan. Bazekiten, nik pertsonalki esanda, Txintxilik enpresari itxitura hau kentzeko errekerimendua egina zegoela". Irabazi Zarautzi egin dio erreferentzia, argituz udal talde horrek gaiari buruzko prentsaurrekoa eskaini aurretik esan esan ziela. "Politikan puntuak irabazteko denak ez du balio".
Udalak enpresak itxitura lehenbailehen kendu zezan "egin beharreko guztiak" egin zituen, alkatearen arabera. Hala, uztailaren 20an enpresari jakinarazi zioten bi eguneko epea zuela "baimenik gabe" jarritako hesiak kentzeko. Ez zutenez kendu, udala arduratu da horretaz, herritarrek gune horretaz gozatzen jarrai dezaten.