Astiko aisialdi guneko eraikina bideratzeko Plan Berezia aurkeztu zuen Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) asteleheneko Hirigintza Batzordean. Horren aurrean, Irabazi Zarautz udal taldeak proiektu horren kontra jarraitzen duela adierazi du, eta proiektua bertan behera uztea eskatzeaz gain, duela aste batzuetatik hona eremu horretan ezarritako itxitura kentzeko eskatu dio gobernuari.
Astiko aisiladi gunearen erabilera publikoa berreskuratze aldera, mozio bat aurkeztuko du Irabazi Zarautzek uztailaren 28ko Osoko Bilkuran. Alde batetik, Txintxilik II enpresak "modu ilegalean" itxi duen erabilera publikoko aisialdi gunea berreskuratzea proposatzen du, eta Udal Gobernuak "legezko bitartekoak erabili ditzala berehala" horretarako.
Bestetik, Udal Gobernuari eskatzen dio Astiko jatetxea eta aisildiko instalazioak eraikitzeko eta ustiatzeko kontzesio kontraturen aurrean "prozedura legala hasteko". Eta, azkenik, Plan Bereziaren tramitazioa eta onespena bertan behera uzteko.
"Gaizki kudeatutako proiektua"
Irabazi Zarautz taldeak berrehun sinadura aurkeztu zituen iaz Astiko jatetxeko proiektuaren aurka, baina ez dute erantzunik jaso adierazi dute. EH Bilduk onartu zuen proiektua aurreko agintaldian, PPren babesarekin, eta Irabazi Zarautzeko zinegotzien esanetan, "aurreko gobernuak proiektu hau gaizki kudeatu zuen".
Enpresa pribatu bati eremua ustiatzeko 30 urteko kontzesioa ematea "astakeria" bat dela nabarmendu dute, eta "EH Bilduk 300 mila euro oparitu nahi izan dizkio enpresa honi". Sinatutako kontratu haren arabera, "udalak ordaindu beharko du eraikitze kostuaren erdia [621.517,36 euro], nahiz eta etekin ekonomikorik ez lortu".
EAJri proiektuarekin ez jarraitzeko "behin eta berriro" eskatu dio Irabazi Zarautzek. "Eremu hau lurzoru publikoa da, eta zarauztar guztiok dugu bertan ibiltzeko eskubidea. Iaz, EAJk proiektuaren eta kontzesioaren kontra zegoela esaten zuen, baina ez du pauso eraginkorrik eman atzera botatzeko". Gaur egun, "zehaztugabetasun egoeran" dagoela berdegunea adierazi dute.