Astiri buruzko gure iritzia

Erabiltzailearen aurpegia Irabazi Zarautz 2016ko eka. 20a, 09:06


Gobernuari eskatzen diogu uda garaian Astin komunak eta garbiketa berma ditzala eta zarauztarrok hain gogoko dugun gune horretan etorkizuna argitu dezala.

Iaz, Irabazi Zarautz taldeak Astiko jatetxeko proiektuaren kontra berrehun sinadura aurkeztu zituen. EH Bilduk, PPren laguntzarekin, proiektua onartu zuen eta goizetik gauera proiektua enpresa pribatu bati esleitu zion. 2015eko udal hauteskundeak baino egun gutxi batzuk lehenago kontratua sinatu zen. Kontratu hark enpresa pribatu hari gure herriko berdegunea hogeita hamar urtetan zehar ustiatzeko kontzesioa eman zion. Horretaz gain, gure iritziz proiektuak helburu ekonomiko pribatua duen arren, aurrera eramateko diru publikoko 300 mila euro ere eman zizkion.

Urtebete pasatu da eta proiektu horren kontra jarraitzen dugu, batez ere, kontzesioa oso luzea denez benetan pribatizazioa delako eta oso jatetxe handia egin nahi dutelako. Gure taldeak sinadurak aurkeztu zituen, baina ez dugu udalaren erantzunik jaso, ez agintaldi honetan, ezta pasa den agintaldian ere. Behin eta berriro eskatu diogu EAJri proiektu honekin ez jarraitzeko eta zarauztar guztiok Asti erabiltzea bermatzeko. Iaz, EAJk proiektuaren eta kontzesioaren kontra zegoela esaten zuen, baina ez du pauso eraginkorrik eman atzera botatzeko eta, gaur egun, zehaztugabetasun-egoeran gaude eta ematen du EAJ kontzesio hori emateko aitzakia bat bilatzen ari dela, nahiz eta lehen kontra zegoela esaten zuen.

Konpondu ez den eztabaidarekin nekatuta gaude, eta bestalde, aurten ere, Asti erdi utzita dago, eta hori nabarmenagoa da uda garaian. Gobernuari eskatzen diogu uda garaian Astin komunak eta garbiketa berma ditzala eta zarauztarrok hain gogoko dugun gune horretan etorkizuna argitu dezala.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide