«Amets bat izan da gure musika Washingtonen aurkeztu ahal izatea»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko uztailaren 7a

Eneritz Aulestia Sorginak taldeko kidea (Eden Jair).

AEBtik itzuli berria da Eneritz Aulestia zarauztarra, Kepa Junkera eta Sorginak taldearekin Smithsonian Folklife jaialdian parte hartzetik. Egonaldi motza baino betea izan du, eta baita itzulera ere, Elorrioko III. Trikitixa Txapelketa irabazi baitu Julen Alonsorekin.

Aurten Smithsonian Folklife jaialdian euskal kultura da gonbidatu berezia, eta tartean, zuek: Sorginak eta Kepa Junkera. Zer izan da zuretzat jaialdi horretan parte hartu ahal izatea?
Egia esan, ez nuen Smithsonian Folklife jaialdia lehendik ezagutzen. Washingtonen jo behar genuela esan zigutenean izugarrizko sorpresa hartu nuen, ez nuen nire burua Washingtonen ikusten. Gero, Folk jaialdiari buruzko informazioa begiratzen hasi, eta han parte hartzeko aukera hori izatea izugarria zela konturatu nintzen. Hegaldian bertan, ez nuen sinisten zertara nindoan. Egonaldi motza izan da, baina esperientzia ezin hobea.

Gure kultura erakusteko aukera paregabea da. Zein izan da zuen ekarpena?
Jaialdi osoa Euskal Herriko kulturari lotuta dago. Gune ezberdinak daude: Musika eta Dantza, Esku-lanak, Euskaltegia, Sukaldea, Herri Kirolak eta abar. Gure kasuan, hilaren 29an jaialdiko agertoki nagusian kontzertua eman genuen, baina horrez gain, beste egunetan Musika eta Dantza gunean masterclass moduko batzuk eman behar genituen, eta horietan kontzertu txikiak egiteko aprobetxatu dugu. Bestalde sorginok, umeentzat zuzenduriko Txiki Txokoan pandero eskolak eman ditugu.

Bai kontzertuan eta baita tailerretan ere, jasotako harrera sinestezina izan da. Milaka kilometrok banatzen gaituzte amerikarrengandik, baita hizkuntza eta ohitura ezberdinak ere, baina kulturak ezaugarri horiek guztiak alde batera utzi eta guztiak elkartzen gaituela esan dezaket. Eta musikak are eta gehiago, horrelakoetan baieztatzen baita musika hizkuntza unibertsala dela.

Zer ezagutu duzue han? Zer ikasi duzu?
Jaialditik at hiria ezagutzeko astirik ez dugu izan. Lau egunetarako joan gara, eta bidaia dela-eta, azkenean bertan egoteko bi egun oso bakarrik izan ditugu. Hala ere, Smithsonian museoz josita dago eta aisialdia egiteko tartea izan dugunean lekuak bisitatzen saiatu gara.

Horrez gain, jende asko ezagutzeko aukera izan dugu. Bai hemendik joandako euskaldunak eta baita bertan lanean edota ikusle modura zeuden atzerritarrak ere. Horrelako jaialdi bat antolatzeak atzetik dakarren lan guztia zein den ere ikusi dugu, eta, egia esan, oso ondo antolatuta zegoen. Ez zaigu ezertxo ere falta izan eta etxean bezala sentitu gara. Azken finean, Euskal Herri txiki bat eraiki dute Smithsonianen eta bertako giroak ere hala sentiaraztera eraman gaitu.

Zer moduzko esperientzia izan da?
Gure musika Washingtonen eta hainbeste jenderen aurrean aurkeztea amets bat bezalakoa izan da. Gainera, inoiz ez duzu horrelako harrera onik espero. Kontzertuan, adibidez, izugarria izan zen jendea dantzan ikustea, kalejira bukaezinak egiten eta baita fandango eta arin-arina dantzatzen zuten ikusleek osatzen zuten biribil handia goitik ikustea ere. Momentu horiek izan dira hunkigarrienak.  

Ezagutzen al zuten ibilbidea AEBetan?
Kepa [Junkera] hainbatetan egon da han eta ezaguna da. Jende askok ezagutzen du, beraz, bazekiten zer aurkituko zuten.

Elkarrizketaren jarraipena irakurtzen jarraitzeko, klikatu gainean

Erlazionatuak

«Dena merezi du musika egitean sentitzen dudanak»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016 uzt 07 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide