«Dena merezi du musika egitean sentitzen dudanak»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko uztailaren 7a

Eneritz Aulestia diskoaren grabazio prozesuan (Gaizka Peñafiel).

Maletak diskoan hartu du parte Eneritz Aulestiak, Sorginak taldearekin.

Kepa Junkerarekin atera duzue bigarren lana, Maletak. Nolakoa izan da esperientzia?
Esperientzia oso ona izan da. Ikasketa prozesu etengabean gaude eta abesti berrietan lan gehiago egin behar izan dugu, bai diskorako ahotsak grabatzean eta baita orain zuzenekoetan ere. Beraz, oraindik mimatzen jarraitzen dugun lana da.

Nola da harekin lan egitea?
Hau Keparekin lanean nabilen hirugarren uda da, eta honez gero gauza arrunta bezala ikusten dut. Baina, egia esan, hasieran ezin nuen sinetsi. Nik uste, orain alde batetik bestera gabiltzanean ez naizela konturatzen zenbateko garrantzia duen egiten ari naizenak eta nolako zortea dudan.

Baina hausnartzen hasten naizenean, beti pentsatzen dut ez dakidala nola iritsi naizen honetara. Lan askoko aldia izaten ari da, baina kontzertu baten ostean zein jotzen ari naizenean sentitzen dudanak dena merezi du. Beraz, beti diot irauten duen bitartean ahalik eta gehien aprobetxatu behar dudala musika aldetik ikasteko eta arlo pertsonalean hazteko.

Etengabe ikasten duzu, beraz.
Hasi nintzenean, orain dakidana baina gutxiago nekien, baina hemendik kontzertu bakarrera are gehiago dakidala erantzungo nizuke. Aldiro ikasten da zerbait, gainera, Kepak jotzen duen aldiro ezberdin jotzen du; asko jolasten du inprobisazioekin eta,  beraz, ez gaude errepikapenean murgildurik. Beti jotzen dugu modu ezberdin batean; Keparen azalpen finkorik gabe ere, jotzen gauden bitartean etengabe ikasten ari garela esan dezaket.

Maletak-en aurkezpenean adierazi zuen elkarrekin hazten zaretela artistikoki; batak bestearengatik edaten duzuela, alegia. Ohorea izango da halako hitzak entzutea, ezta?
Bai, nik esango nuke, guk beragandik gehiago ikasten dugula baina beti da pozgarria hitz horiek entzutea. Berak guri musikaren arlo teknikoan erakusten digun guztiaz gain, esperientzia eta heldutasuna ematen dizkigu. Eta guk berari, gaztetasun eta freskura puntua ematen diogula esango nuke.

Egia esan, oso giro polita dago guztion artean, eta horrek eszenatokian gauzak ondo ateratzea ahalbidetzen du. Ikusleak ere giro horretara bultzatuz.

100 artistak baino gehiagok hartu dute parte disko berrian, Iberiar penintsulako kultura ezberdinak batuz. Zer ekarpen egin dio horrek Sorginak-i?
Jende berri asko ezagutu dugu eta haiekin bakoitzaren kulturaren musika eta doinu berriak. Sorginentzat oso aberasgarria izan da artista horien guztien doinu eta letrak ezagutu eta, gainera, abesteko aukera izatea.

Junkeraren etxean grabatu duzue diskoa. Nolakoa izan da prozesua?
Kepak denbora askoan baina pixkanaka burutu duen prozesua izan da. Etxean bertan grabatua denez, bera kantuak grabatzen joan da, eta zerrenda dezente luzea zuen heinean gu abestiak ezagutzen joan gara. Diskoaren abesti bakoitzean dauden instrumentu guztiak —kolaborazioak alde batera utzita— Kepak berak grabatutakoak dira. Guk ahotsa jartzen diegu abestiei eta zuzenekoetan perkusioa, noski.
Ahotsa bere etxean grabatzeaz gain, estudio batean ere grabatu dugu.

Aurrez Trikitixaren historio txiki bat grabatu zenuten elkarrekin eta errepikatzea erabaki duzue. Binomio horrek funtzionatzen duen seinale, ezta?
Hori dirudi. Trikitixaren historia txiki bat diskoak harrera oso ona izan zuen, eta Kepak bigarren disko baterako gurekin kontatzen zuela esan zigunean, sorpresa oso ona izan zen guretzat. Kepak gurekin eszenatokian aldaketa bat izan duela esan digute hainbat jarraitzailek, freskotasuna ematen diogula, eta badirudi hori jendeak gustuko duela.

Aldaketa dago lehenbiziko lanetik bigarrengora, non esango zenuke?
Bigarrena lehenbizikoaren jarraipena dela esango nuke, baina guztiz ezberdinak dira. Trikitixaren historia txiki bat tradizionalagoa da. Maletak-en, berriz, aurrerapauso handia egin dela uste dut. Bai abestiek teknikoki duten lanean eta baita estiloan ere. Bi bide dituela esango nuke, bata dinamikoagoa eta bestea esperimentalagoa. Abesti batzuk ilunagoak dira, garaikideagoak; agian, gustatzeko edota ulertzeko behin baino gehiagotan entzun behar diren horietakoak.

Gure ekarpena, Sorginena, ere bigarren disko honetan handiagoa izan da. Ahotsak landuago daude, beraz guk ere aurrerapauso bat egin behar izan dugu.

Nolako harrera izaten ari da?
Kontzertuetan oraindik ere aurreko diskoko kantak eta berriak tartekatzen ditugu. Ez da gauza bera abestiak diskoan entzun ala zuzenean egitea. Zuzenekoetarako prestatu egin behar dira, eta ea funtzionatzen duten ala ez ikusi. Beraz, pixkanaka abesti berriak sartzen ari gara eta, egia esan, jendeari gustatzen zaizkiola dirudi.

Diskoaren diseinua ere aurrekoaren guztiz ezberdina da: animalien buruak, gure gorputzak, kolore ilunak eta abar. Horrek ere, diskoa entzun baino lehen arreta pizten duela deritzot, diseinuaren estilo horrek barruan zer dakarren jakiteko grina.

Udatik urte bukaerara arte kontzertu ugari emango dituzue Euskal Herrian eta hortik kanpo, Espainian, Frantzian, Alemanian, Portugalen… Ilusioz beteta egongo zarete, ezta?
Bai, uda kontzertuez beteta dugu. Herrian egoteko astirik ere ez dut izango. Baina, noski, ilusioz gaude. Aste honetan, adibidez, Galiziara goaz eta bertan harrera izugarria izaten dugu aldiro, beraz, galiziarrekin gozatuko dugunaren zalantzarik ez daukat. Horren ondoren, hurrengo kontzertuak Lyonen (Frantzia) ditugu. Beraz, euskal musika mundu osoan zehar zabaltzen joango gara, gustu handiz.

Nola egituratu dituzue emanaldiak?
Kontzertu guztiek ez dituzte gauza berberak ahalbidetzen. Espazio eta eskainitako baliabideen arabera, sorgin kopuru gehiago edota gutxiago joan gaitezke. Baina, zorionez kantu guztiak modu berean jo ditzakegu gehiagorekin edo gutxiagorekin. Hori bai, prest egon behar dugu agian aurreko kontzertuan zure ondokoak jo zuena jotzeko, esaterako. Lekura, kontzertu motara, ikusle motara, dagoen girora moldatzen gara beti.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide