Azken egunetan bi gizonezkok lau emakume hil dituzte Euskal Herrian, eta hori salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Lege Zaharren enparantzan, Zarauzko Sare Feministak deituta. "Indarkeria sexistak duen ageriko eta dimentsio bortitzenaren erakusle da hau", adierazi dute.
Horrekin batera, instituzio publikoetako ordezkari batzuk indarkeria sexistaren ondorioa izan dela zalantzan jarri izana salatu dute: "Eusko Jaurlaritzako ordezkari Josu Erkorekaren hitzetan Gasteizko kasuan: 'ez zegoen harreman afektiborik bien artean'. Eta zer? Gizon batek emakume bat erail du, hori da errealitatea eta sistema heteropatriarkatua du oinarri".
Indarkeria sexista honela ulertzen dutela azaldu dute: "Emakumeon aurkako indarkeriak ez du mugarik, bizi garen sistema kapitalista patriarkalaren funtzionamenduaren ezinbesteko tresna da, eredu honek sortzen dituen pertsonen arteko botere harremanak, menpeko harremanak bizirauteko eta mantentzeko erabiltzen duen baliabidea izanik. Horregatik, indarkeria sexistak lehen mailako arazo politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala izaten jarraitzen du; ez direlako modu isolatuan eta bakartuan ematen diren erasoak; bizi garen jendartearen antolaketa sexistak ahalbidetzen eta sustatzen duen indarkeriaren erabileraz ari baikara".
Gizartean gertatzen den "giza eskubideen urraketa larrienetako eta hedatuenetakoa" dela nabarmendu dute, baina ez dagoela "inolaz ere dagokion zentralitatean". Indarkeria sexista edo matxistaren aurrean "erantzukizuna guztiona" dela gaineratu dute, eta "ezinbestekoa da denok elkar batuz tinko erantzutea, gaur eta hemen".