"Kopa bat ardo ni baino gehiago zen». Gaixotasuna eta infernua hitzak nabarmendu dituzte Martinek eta Fernandok. Asmatutako izenak dira horiek, alkoholiko anonimoak izanik elkarrizketatuen identitatea ezagutaraztea sahiestu behar delako. Izan ere, anonimotasuna mantentzea sendaketa prozesuko zutabeetako bat da.
Alkoholismoa gaixotasuna da, hala deklaratu zuen 1953an Osasunaren Mundu Erakundeak, besteak beste, diagnostikatu, pronostikatu, tratatu, errehabilitatu eta prebenitu daitekeen zerbait delako. Martinek badaki: «Jendeak pentsa dezakela bizio bat dugula, baina ez da hala». «Adikzioa da, ez zaletasuna», biribildu du Fernandok.
«Jende askok edan dezake guk lehen edaten genuena baino gehiago , baina hori bestelako kontu bat da», dio Martinek. Hain zuzen, OMEren arabera, alkoholikoak ezin du edateko modua kontrolatu, eta horrek neurri batean gaixoak alkohol gehiegi kontsumitzea dakar. Mendekotasuna da, kronikoa.
Horregatik da infernua, «hori ez delako bizitza». «Guretzat arnasa hartzea bezala zen. Batzuetan, alkohola behar genuen goizetik bizitzari aurre egiteko», jakinarazi du Fernandok. «Latza da, oso».
Aitortzea, gogorrena
Zarauzko Alkoholiko Anonimoen Hondartza taldeko kideek euren istorioa kontatu nahi izan dute, bereziki, gizarteari ikusarazteko alkoholismoak eragiten duena. «Bakoitza mundu bat» dela diote, eta beraz, bakoitzak bere joerak dituela: batzuk ezkutuan edaten dute, besteak tabernaz taberna joaten dira, bakarrik... Dena dela, gogorrena arazo bat dutela aitortzea izaten da. «Guk askotan ihes egin izan dugu; arazoaren aurrean jarri beharrean, berdin jarraitu dugu». Luzatzen joan eta «elur bola gero eta handiagoa egiten da», ordea, Martinen arabera. Fernandok dio konpontzeko, konpontzen hasi beharra dagoela. «Berez ez baita konpontzen». Horregatik, Zarauzko Alkoholiko Anonimoen taldeak paper garrantzitsua izan du euren errehabilitazioan. Gehienak «zuloan barruan» daudenean jotzen dute taldera, «erabat galduta» daudenean.
Zentzu horretan, Alkoholiko Anonimoen programako 12 pausoetatik laugarrena nabarmendu du Martinek, autoezagutzarena: «Hondartza taldera iritsi aurretik ez nuen neure burua ezagutu ere egiten. Garapena nabarmena izan da. Hobetzen eta aberasten joan gara, norbere burua ezagutzen eta egoerari aurre egiten».Bilgune horretako kide izateak zer-nolako onura ekarri dien nabarmendu dute behin eta berriz. Hondartza taldeak «bizitza aldatu» dielako. «Zuloan egon ondoren, orain badakit zer den bizitzea», dio irrifartsu Martinek.
100.000 taldetik gora
Ameriketako Estatu Batuetan sortu zuten Alkoholiko Anonimoen elkartea, 1935ean. Bill W.-ek eta Bob S. medikuak izan ziren bultzatzaileak. Bill W. enpresa gizonak urteak zeramatzan alkohol tantarik probatu gabe, baina une txarra pasatzen ari zela-eta, berriz ere hasteko beldur zen.
Bob S. medikuarekin jarri zen harremanetan orduan. Horrek ere alkoholarekin arazoak zituen eta euren esperientziak partekatzeak lagundu egiten ziela konturatu ziren. Alkoholiko gehiago gehitu zitzaizkien gerora.
Halako taldeak pixkanaka zabaltzen joan ziren. Egun guztira, 100.000 talde baino gehiago daude 150 herrialdetan banatuta. Gipuzkoan, 60ko hamarkadan sortu zuten lehenbizikoa, Irunen, zehazki. Egun 25 talde daude probintzian. Horietako bat da Zarauzkoa. Duela 53 urte sortu zuten, San Pelaio Egunez. Hainbat lokal izan dituzte: Orokietan eta Gurutze Gorrian, besteak beste. Egun Langako plazako lokal batean biltzen dira, astelehen eta ostegunetan. Emakumezkoak, gizonezkoak, adinekoak, gazteak... 24 bat guztira. Bill W. eta Bob S.-ek egiten zuten moduan, euren esperientziak kontatzen dizkiete elkarri, duten arazo komuna konpondu eta besteei laguntzeko.
Helburu eta betebehar bakarra dute: gehiago alkoholik ez edatea. Berriz erortzea «are gogorragoa» delako. «Hodei beltzak agertzen direnean, ekaitza heltzen da gero. Baina hodeiak arrosak direnean, zer gertatzen da? Ongi senti zaitezke baina hori arriskutsua da, berriz ere eror zaitezkelako. Zer gertatuko litzateke kopa bat bakarra edango banu? Lehendabiziko kopa da okerrena». Martinen arabera, lehenbizikoak bigarrengoa dakarrelako. «Buruan dugun botoia piztu egiten da berriro ere». Horregatik, Bill W.-i bezala, gainontzeko kideekin biltzeak lagundu egiten die, baina bileretatik kanpo ere argi dute lan egin behar dutela. «Konstantzia izatea da garrantzitsuena, eta norbera bere arazoaren jabe egitea. Behin hori eginda, lagundu baitiezaiokezu gainontzekoei», dio Fernandok.
Hondartza taldearen egoitzako atea beti dago irekita, baita bertako kideen besoak ere. «Gure helburua da behar dutenei laguntzea, bere garaian gu lagundu gintuzten bezala».
Hitzaldia, uztailaren 1ean
53. urteurrena aprobetxatuz, hitzaldi bat antolatu du Hondartza taldeak. Uztailaren 1ean izango da, herriko festak pasatutakoan. Hiru gonbidatu izango dira Modelon: Javier Aizpiri neuropsikiatra eta Alkoholiko Anonimoetako eta Al-Anoneko (alkoholikoen senitartekoen taldea) ordezkari bana. Irekia izango da, 19:00etatik aurrera.
Aurten, alkoholak 366 egun egingo ditu lan, baina Martinek eta Fernandok ere bai, are gogorrago. «Bizitza bakarra eta ederra delako».