Testigantza: 'Nire gaztelua kartzela bihurturik'

Zarauzko Hitza 2016ko ekainaren 16a

Maria naiz 41 urte ditut eta alkoholikoa naiz. Nire etxeko gaztelua kartzela bihurtu zen, alkohola,  nire bizitzaren zuzendari bilakatu zenean. ETXEAN eta EZKUTUAN edaten nuen.

Itxuraz, arazorik gabeko emakumea, diru arazorik ez, familia ederra,  lana,  sozialki ondo ikusia, baina beldur eta zalantza askoz beteriko emakume gazte bat izan naiz beti. Perfektoa izan beharra arlo guztietan, ama paperean, emazte paperean, alaba paperean... Eta beldur eta konpromiso guztiei aurre egin behar horrekin,  nire gabeziak betetzeko alkoholarekin hasi nintzen jolasean eta hainbeste aldiz esaten den marra fin eta ikusezin hori pasatu nuen.

Etxean ez genuen edateko ohitura handirik, baina beti zegoen ardo edo sagardo botilaren bat norbait etxera etortzen zenerako (lehengo ohitura zaharrak jarraituz).

Nire edatearen hasiera , ardo pare batekin hasi zen, egunerokotasunari aurre egiteko indar faltsu hori ematen zidala sentitzen nuen, geroxeago sarriago eta kantitate gehiago izatera pasatu zen eta ondorioak laster batean etorri ziren. Kalean ez ninduten edaten ikusten, baina nire gotorlekuan neukan nire bodega propioa eta ez nuen taberna batera joan beharrik alkohola edatera, nahiago nuen erosi, ezkutatu eta isilpean edan.

Nire eguneroko errutina horretan bihurtu zen, alkoholaren mende bizi nintzen eta beste gainontzekoa bigarren maila batean gelditzen zen. Nola liteke puntu horretaraino iristea?  Nik ere nire buruari zenbat aldiz galdetzen nion, behin eta berriz, baina erantzunik jaso gabe. Edanaren ondorioz sortutako hainbeste gezur, haserrealdi eta gertakari penagarriren ondoren,   gehiago ez nuela edango promes egiten nuen, baina ezin, behin eta berriz zulo beltzean erortzen nintzen eta arazoak gero eta handiagoak bihurtzen joan ziren, nire duintasuna eta printzipioak guztiz galdurik.

Alkoholarekin arazo handi bat nuela banekien, nire jarrera ez baitzen batere normala: alkohola leku ezberdinetan erosten nuen, dendaria konturatu ez zedin; etxeko armairu, garaje eta leku pentsa ezinak ere, guztiak ziren nire drogaren ezkutaleku.

Izaera zeharo aldatuta, triste, jende aurrean egoteko beldurra,  etxekoen begiradak, bete beharrei aurre egiteko gauza ez eta zulo ilun batean murgilduta nengoen.

Hori guztia aldatzeko nahia izan zen lehenengo eta indarrak hartuta bizitza berri bat eraikitzen erakusten ari zaidan ate bat ireki zen nire parean.

Gizon , emakume, ezkondu, ezkongabe, banandu, sendagile, etxeko andre, erretiratu, langabetu, heldu eta gazte... Guztiok ezberdinak eta denak arazo bera, alkoholismoaren gaixotasuna dugunok gaude talde honetan. Bakarrik ez nagoela, gaixotasunaren ezaugarri eta bizitzari aurre egiteko erremintak eskura jarri eta aurrera goaz, pixkanaka  baina patxadarik gabe.  Alkoholik probatu gabe aurrera egiten, bizitza ilun hori atzean utzi, ahaztu gabe beti nondik eta zergatik gatozen eta ilusioa berreskuratzen ari garenok.
 
Zoritxarrez, gaixotasun hau pairatu eta emakumea izatea gainera, badirudi gizarte honetan oraindik eta okerrago ikusia dagoela eta egoera antzekoa jasaten ari diren emakume gehiago daudela ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide