Espainiako Estatuko saririk potoloena emango du Zarauzko XXX. Triatloiak

Aritz Mutiozabal 2016ko ekainaren 9a

Patricia Damian, Xabier Txurruka, Line Thams eta Joseba Iriondo, gaur eguerdiko aurkezpenean (Aritz Mutiozabal).

Distantzia ertaineko espezialista onenak hartuko dute parte larunbatean: besteak beste, Eneko Llanos, Ainhoa Murua, Fernando Alarza, Line Thams eta Gustavo Rodriguez.

Estatu osoan distantzia ertaineko lehiaketa batek emango duen sari ekonomiko handiena jasoko dute aurtengo Zarauzko Triatloiko irabazleek. Gizonezko eta emakumezko txapeldunei 5.000na euro, hain zuzen ere. "Triatloiaren 30. urteurrena ospatzeko modua izan da, eta, era berean, goi mailako espezialistak erakartzekoa. Badirudi lortu dugula", aditzera eman du Zarauzko Triatloi Elkarteko lehendakari Patricia Damianek.

Diru-sariak eragina izan duela nabarmendu du Zarauzko Triatloi Elkarteko kide Joseba Iriondok. Izan ere, distantzia bereko Espainiako Tapelketa jokatuko da asteburu honetan Valentzian, eta triatleta askok Zarauzko proban lehiatzeko hautua egin dute. "Bularra puztu dezakegu, nazioartean, Estatuan eta Euskal Herrian dauden espezialista onenak izango ditugulako. Horien artean, triatleta olinpikoak ere bai".

Faboritoen zerrenda luzea da aurten. Eneko Llanos gasteiztarraren eta Ainhoa Murua zarauztarraren parte hartzeak azpimarratu dituzte: lehenak hamar aldiz irabazi du proba gizonezkoetan, eta bigarrenak hiru aldiz emakumezkoetan. "Karrokada bat txapela izango dira irteeran", zehaztu du Iriondok. Iazko txapeldun Gustavo Rodriguez ere bertan izango da, eta baita azken orduan izena eman duen Fernando Alarza ere. Azken hau Rioko olinpiar jokoetan izango da Espainiako selekzioarekin, eta ITUren munduko sailkapenean bigarren postuan dago kokatuta. Dena dela, distantzia ertainean lehiatuko duen lehen aldia izango du.

Hainbat dira lehen postuetan ibiliko direnak, gizonezkoetan: 2010ean distantzia luzeko txapeldun Sylvain Sudrie frantsesa, iazko txapeldunorde Stanislav Krylov errusiarra, Paulo Roberto Maciel brasildarra, Francesc Godoy katalana, Bruno Pais portugaldarra eta Ruben Ruzafa, besteak beste. Euskal triatleten artean, Peru Alfaro, Aimar Agirresarobe eta Jon Unanue zarauztarra aipatu dituzte.

 

Ainhoa Muruaren parte hartzea

Antolatzaileentzat berri pozgarria izan da Ainhoa Muruaren parte hartzea. Rioko olinpiar jokoetarako buru-belarri ari da prestatzen, eta, hain justu ere, horrek bultzatuta lehiatuko da larunbatean. "Entrenatzaileak gomendatu zion Ainhoari Riora begira entrenamendu ona izan zitekeela Zarauzko Triatloia egitea, nahiz eta bere distantziaren bikoitza izan. Une honetan entrenamendu oso gogorren sasoian dabil, eta etxeko proba ezin hobe zetorkion", jakitera eman du Damianek.

Garaipenerako lehian Line Thams daniarra izango du aurrez aurre. ITUko lehen mailako lehiakidea da, eta Danimarkako txapela irabazi du berriki sprint distantzian. "Ilusio handia egiten dit distantziako espezialistekin lehiatzeak. Proba honi buruz asko hitz egin didate hainbat adiskidek, eta oso motibatuta nator", azaldu du Thamsek. Emakumezkoen faborito zerrenda honako hauek osatzen dute: Sara Loher, Dolça Olle, Anna Noguera eta Judith Corachanek, besteak beste.

650 lagunek hartuko dute parte proban, eta horietatik 30 bat izango dira zarauztarrak. Getariako hondartzatik abiatuko dira –14:00etan emakumezkoak, eta ordu laurden geroago gizonezkoak–, eta 2,9 kilometro igerian egin ondoren, 82 kilometro bizikletan osatu beharko dute ohiko ibilbidetik. Amaitzeko 20 kilometroko korrikaldia egin beharko dute. Ibilbideko aldaketa bakarra korrikako sektore honetan dago: biotopoko pasealekutik zuzenean malekoira jaitsiko dira aurten.

Izen-ematea bi minututan amaitu zen, eta Xabier Txurruka alkateak adierazi duenez, "horrek agerian uzten du proba honek duen ospea eta indarra". Hori horrela, Zarauzko Udalak babes osoa eskaintzen jarraituko duela gaineratu du. Aipamen berezia egin die Ainhoa Muruari, zorterik onena opatuz, eta larunbatean proba aurrera ateratzen lagunduko duten 300 boluntariori. "Herriarentzat lehen mailako kirol ekitaldia da, eta bere garrantzia du gure urteko programazioan".

 

Karpa erraldoia Munoan

Munoa plazan karpa erraldoi bat jarriko dute aurten. Bertan triatloiko babesleen azoka izango da, eta, era berean, triatleten larunbat gaueko ohiko afaria bertan egingo dute. Azoka gunean, era berean, jump-fit erakustaldiak egingo dituzte larunbatean, 10:00etan eta 12:00etan. Bestalde, Gesalaga jaki enpresak kroketa solidarioak salduko ditu eta BPXportek puzgarriak jarriko ditu, eta bi horietan bildutako dirua Aspanogi elkartera bideratuko dute. Horrekin lotuta, eta urtero bezala, Triatloi Txikia egingo dute igandean, 10:00etan hasita, Zarauzko Dama parean. Ekitaldi honetan 2000 eta 2007 urteen artean jaiotakoek hartu ahal izango dute parte, eta jasotako dirua Aspanogirentzat izango da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide