Larunbatean Zarauzko Triatloia jokatuko denez, lasterketak eragina izango du errepideetan; hainbat kaletatik ezingo da pasatu. Batetik, N-634 errepidetik. Itxita egongo da Zumaia-Zarautz artean, Zarautzerantz, 14:00etatik 17:30era bitartean. Bedua-Oikia eta Meaga auzotik barrena pasatu beharko dute autoek. Zarautz eta Orio artean, Oriorantz ere ezingo da autoan igaro 15:45 eta 17:45 artean.
Bestetik, GI-2633 errepidea ere itxiko dute zenbait zatitan: Zarautz-Iraeta norabidean 14:00-16:45 artean (saihesbidea, autopistaz); Iraeta-Zumaia norabidean 14:30etik 17:00etara (saihesbidea, Oikia eta Bedua auzoetatik) eta Aia-Orio norabidean, 16:15-18:15 bitartean (saihesbidea, Arrutiegi auzoa eta Errota jatetxetik barrena).
Bestalde, bizikletako zatia ikusteko Talaimendira igoko direnei jakinarazi diete 16:00-18:45 bitartean ezingo direla ibilgailuak errepide horretan ibili, ez malda gorantz ezta beherantz ere. Hori dela eta, antolatzaileek gomendatu dute oinez igotzeko bertara.
Bizikletako zatia Nafarroa kaletik igaroko denez, erdigunetik irten behar duten autoek Araba kaletik egin beharko dute. Era berean, Lizardi, Aresti eta Etxepare kaleak ere itxita egongo dira, 15:45 eta 16:45 artean.
Garraio publikoan ere
Proba horrek ere eragina izango du garraio publikoan. Zumaia-Donostia ibilbidean, 15:30eko (UK09) eta 16:00etako (UK10) zerbitzurik ez da izango, ezta Donostia-Zumaia norabidean, 15:45ekoa (UK09) eta 17:00etakoa (UK10) ere.
Horrez gain, autobusa ez da Zarauzko ohiko geltokietan geratuko. 14:00etatik 18:45era bitartean, geltoki alternatiboak egongo dira Bizkaia kalean (Salbideko biribilgunean), Araba kalean (kiroldegiko biribilgunean) eta Maria Etxetxiki kalean (suhiltzaileetako biribilgunean).
Informazio osoa lortzeko Zarauzko Udaltzaingoarekin jarri beharko dute harremanetan, 943-005115 telefonora deituta.