«Horrelako aukera bati ezin niola ezetzik esan ikusi nuen»

Aritz Mutiozabal 2016ko maiatzaren 26a

Ane Arruti Bakarlari zarauztarra (Aritz Mutiozabal).

Arrutiko Intxaurrak goitizenaren atzean dago Ane Arruti bakarlari zarauztarra. EH Bilduko zinegotzia ere bada, eta gaur udalbatzarra badute ere, Modelo aretoan ariko da zuzenean.

Gaurko udalbatzarrera piper egin eta beste eszenatoki batean izango zara.
Kontzertua jotzeko aukera eman zidatenean, jaso nuen ezustea eta sortu zitzaidan beldur nahi kezken nahasketa horretan, ez nintzen konturatu hileko azken osteguna zela. Aurrekoan batzordean Xabier Txurruka alkatearekin  izan nintzen, eta kale egiteko baimena eman zidan. Beraz, alde horretatik, nahiko lasai noa.

Nola etorri zitzaizun Mark Laneganekin oholtza partekatzeko proposamena?
Otsaila inguruan izan zen. I Love Rock elkartekoen laguna den nire lagun batek deitu zidan, zubi lanak eginez, eta ea Mark Lanegan ezagutzen ote nuen galdetu zidan. Nik baietz erantzun nion, eta hark Zarautzen jotzen zuela esan zidanean, jada usaintzen hasi nintzen guztia. Kontua da Gaztemaniak programaren bitartez antolatu dutela kontzertu hau, eta halakoetan bertako musikari bat sartzen dutela. Antolatzaileak bertako musikariak entzuten egon ziren, eta egokiena ni nintzela erabaki zuten.


Sekulako ezustea jasoko zenuen, ezta?
Hasieran kristoren kakalarria sartu zitzaidan, baina ikusi nuen horrelako aukera bati ezin niola ezetzik esan. Proposatu zidatenean pixka bat utzita neukan, eta berriro heltzeko aitzakia oso ona izan da. Kanta berririk ez neuzkan, baina maiatza bukaera bitartean denbora baneukan. Gainera, Gabonetan multi-efektuen aparatu bat oparitu zidaten, eta horrekin hasia nintzen saltseatzen. Beraz, animoz hasi nintzen ideia berri batekin, baina konturatzerako maiatza gainera etorri zait.

Artista gonbidatua izanik, denbora mugatua izango duzu. Zer eskaintzeko asmoa duzu?
Ordu erdi bat izango dut. Errepertorioa oraindik zehazteko daukat. Egunean bertan egingo dut segur aski azken entsegua, eta orduan erabakiko dut. Bi abesti berri ditut, eta gero, azken kontzertuetan jo nuen besteren bat, maketan jaso gabe dagoena. Jakina, maketa 2012koa da, eta lotsa ematen zidan kanta haiekin aurkeztea. Bat edo beste joko ditut, baina errepertorioa berritzeko saiakera egin dut.

Zer ildo dute abesti berriek?
Jendeak ez dezala pentsatu sekulako iraultza egingo dudanik. Betiko ildotik doaz, baina abesti batean loop-a erabili dut, aukera zabala eskaintzen diolako bakarlari bati gauza ezberdinak egiteko. Zazpi abesti egin nahi nituen tresna horrekin, baina momentuz bakarra izango da. Beste batean efektu arraro bat sartu diot gitarrari, baina gainerakoan ez da askorik aldatu.

Baina aurrekoak bezala abesti zirikatzaileak al dira horiek?
Ez. Pare bat abesti ziren zirikatzaileak zirenak, eta agian jende gehiena haiekin geratu zen. Gainerakoan, nahiko tristeak edo ilunak direla ere esan didate. Abesti berriak askatasunaren ingurukoak dira. Bizitza bizitzeko aldarri gisa, alegia.

Kontzertu hau erakusleiho bat ere izan daiteke.
Bai, izan daiteke, baina ez dut horrela hartzen. Erronka bat da niretzat. Lotsagarri ez gelditzea eta gustura geratzea da nire helburua. Horrekin nahikoa dut oraingoz. Ez naiz jarri aurrera begira, egia esan. Musika utzita neukan, eta kontzertu honetarako prestatzen aritu naiz. Gero, ikusiko duk zer egin. Izan ere, nahi baino denbora gutxiago eskaintzen diot, eta denbora gutxi eskainita ez naiz seguru sentitzen oholtza gainean.

Lotsagarri hitza aipatu duzu. Horrenbesteko errespetua ematen al dizu egoerak?
Hasteko badakigu aretoa bete egingo dela, eta 200 lagunen aurrean jotze horrek errespetu handia ematen du. Urte erdia gitarra hartu gabe ezin zara igo halako agertoki batera. Guztiok daukagu gure harrotasuna.

Erlazionatuak

Rockumentalak! 2016ko egitaraua

Zarauzko Hitza 2016 api 20 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide