«Emanaldi bakoitza esperientzia berri bat da»

Aritz Mutiozabal 2016ko maiatzaren 26a

Mark Lanegan musikari estatubatuarra.

Modelo aretoa txiki geratuko da gaur arratsaldean, Mark Laneganen kontzertuarekin. Haren aurretik, Duke Garwood eta Arrutiko Intxaurrak ariko dira artista gonbidatu gisa.

Now black is the colour / black is my name (Orain beltza da kolorea / beltza da nire izena). Radio Phantom estudioko bere azken lanean entzun daiteken esaldietako bat da, Harvest Home abestian alegia. Beltza eta iluna da Mark Laneganen proposamena, gizon gogorraren eta zakarraren paperean sartuta. Hitz gutxikoa behintzat bada, eta argi eta garbi erakusten du eskaini ohi dituen elkarrizketa bakanetan. Urola Kostako Hitzarekin ere ez du salbuespenik egin: erantzun laburrak eman ditu, azalpen handirik gabe. Musika du espresiobide, eta musikarekin komunikatzen da ondoen.  Eremu horretan sentitzen da erosoen. «Emanaldi bakoitza esperientzia berri bat da», adierazi du abeslari eta musikari estatubatuarrak.

Europako biran murgilduta dago, laukote formatuan: bera kantuan, Duke Garwood eta Jeff Fielde gitarrarekin, eta Frederick Jacques (Lyenn) baxuarekin. «Iaz bira bat egin genuen talde osoarekin, Radio Phantom lana aurkezteko. Oraingo honetan egiten ari garen kontzertuak biluziagoak dira. Intimoagoak dira». Apirilaren 19an abiarazi zuen bira, Manchester hirian (Erresuma Batua), eta hil honen bukaeran itxiko du Portugalen. Ia egunero ari da zuzenekoak eskaintzen, apenas atsedenaldirik hartu gabe, baina gustura dago: «Itzela izaten ari baita». Estatuan hiru saio eskainiko ditu, eta horietako bat Zarauzko Modelo aretoan izango da, gaur arratsaldean, 20:00etan hasita, aurtengo Rockumentalak! zikloa zabaltzen; 50 sarrera jarriko dituzte salgai leihatilan.

Jaialdia Arrutiko Intxaurrak bakarlari zarauztarrak irekiko du, eta jarraian, kontzertu nagusiaren aurretik,  Duke Garwood multi-instrumentista ingelesak joko du. Laneganen ohiko kolaboratzailea da Garwood. Harekin batera, Black Pudding lana argitara eman zuen duela hiru urte, baina emanaldiko errepertorioa ez da disko horretan oinarrituta egongo. «Nire ibilbideko abestiak jotzen ari naiz kontzertu hauetan, eta gutxi batzuk baino ez dira Black Pudding lanekoak». Ontzen dituen disko bakoitzarekin zerbait ikasten duela nabarmendu du, eta, hain justu, aipatu proiektu horretarako Garwood zela aliatu onena dio: «Elkarrekin burutu genuen disko hura. Beste norbaitekin ezinezkoa izango zen hura sortzea».

Musikari nekaezina da, eta proiektu bat bukatu bezain pronto beste bati heltzen dio. «Nire hurrengo diskoaren erdibidean nago, eta datorren urtean argitaratzeko asmoa dut». Screming Trees taldearen sortzailea izan zen, eta beste hainbat taldetan nahiz bakarlarirekin ere hartu izan du parte: Mad Season, Soulsavers, Queens Of The Stone Age, Isobel Campbell, Nick Cave eta Moby, besteak beste. Blues, rock eta grunge estiloak landu izan ditu bereziki, eta gaur aurkeztuko duen saioak road movie kutsua izan dezakeela dio. Rockumentalen izaerarekin bat, beraz.

Erlazionatuak

Rockumentalak! 2016ko egitaraua

Zarauzko Hitza 2016 api 20 Kultura

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide