Txirrindularitza egokituko kriteriuma jokatuko da igande goizean

Zarauzko Hitza 2016ko maiatzaren 13a

Txirrindularitza egokituko lasterketa jokatuko dute etzi.

Era berean, Errepideko Gipuzkoako eta Euskadiko Txapelketa izango dira jokoan. Lasterketa Lege Zaharren enparantzatik abiatuko da, 09:30ean, eta Nafarroa kalean izango du helmuga.

Txirrindularitza egokituaren asteburua izango da datorren hau. Gipuzkoako eta euskadiko Txapelketak jokatuko dituzte Andoainen eta Zarautzen. Bihar, erlojupeko modalitatean lehiatuko dira Andoainen, eta etzi errepidean, Zarautzen. Zarauztarra Kirol Elkarteak antolatutako IX. Zarauzko Hiria Kriteriuma baliatuko dute horretarako.

Hainbat kategoria eta distantzia izango dira, guztiak ere Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidean jokatuko direnak: handbike-ak, 40 kilometro; trizikloak, 20 kilometro; tandemak, 60 kilometro; eta bizikletak, 60 kilometro. Izenak egunean bertan eman ahal izango dira, 08:30etatik aurrera, Lege Zaharren enparantzan, eta ordubete geroago, 09:30ean, hasiera emango diote lasterketari.

Helmuga Nafarroa kalean atonduko dute, Belauntzaran plaza (Duke Enea) parean. Sari banaketa ekitaldia, ordea, Lege Zaharren enparantzan egingo dute, 12:00etan, eta ondoren, solasaldia izango da kirolariekin.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide