MusicAula 14 eta 25 urte bitarteko musikariek parte hartzen duten pop rock jaialdia da. Zarauzko Udaleko Gazteria sailak herria ordezkatuko duen taldea aukeratzeko lehiaketa antolatu du. Ostiralean egin zuten eta The Nephews izan da garailea.
Maiatzaren 28an Lizardi institutuko patioan egingo den finalerdian hartuko du parte taldeak, beste lau talderekin batera. Gatibuk talde gonbidatu gisa joko du egun horretan, eta disko jartzaileak ere izango dira. Jonan Urdangarin Urrutia Gazteria zinegotziak finalerdirako "zorterik onena" opa die taldekideei. "Aukera polita da beraientzat, eta Gazteria sailetik horrelako ekimenak bultzatzen jarraituko dugula nabarmendu nahi dut, gazteei bidea irekitzeko. Gazteak baikara etorkizuna", adierazi du.
Zarautzen ez ezik, beste lau herritan ere jokatuko dituzte finalerdiak. Ekaina amaieran izango da finala, Getafeko (Madril) Juan de la Cierva auditorioan.