Gloria Vazquez Agenda 21eko zinegotziaren arabera, aurreko agintaldian «kaxoi batean gorde» zuten proiektua berreskuratu du egungo Udal Gobernuak: Zarauzko Eraztun Berde Urdinarena, hain zuzen. Vazquezek sail horren ardura hartu duenetik egin duen «lehenbiziko gauza» izan dela aitortu du: aurreproiektua hartu eta eraztuna martxan jarri duela. Izan ere, proiektu «oso berezia» da harentzat, «maite» duena.
Zarauzko alde naturalak batzen dituen 10 kilometroko ibilbidea da Eraztun Berde Urdina, mendi eta itsaso aldeak biltzen dituena: Mutxio, Santa Barbara, Vista Alegreko parkea, Igerain, Abendaño, Bustinzuri baserri ingurua, Asti, Irita, Iñurritzako biotopoa eta hondartza, besteak beste. Ibilbide nagusi horrek, aldi berean, bide aukera anitzak ere eskaintzen ditu.
Horren helburu nagusia da balio natural handiko guneak eta beren biodibertsitatea kontserbatzea, eta baita herriaren kanpoaldeko gune degradatuak berreskuratzea ere. Horrekin batera, naturarekiko sentsibilizazioa bultzatzea; herritarren aisialdia eta osasuna hobetzea; turismo eredu ezberdina eskaintzea; kirol baliabide gisa baliatzea eta kultur ondarea balorean jartzea ere ekarriko du.
Agenda 21 sailak jarri du martxan, baina helburu horiek kontuan izanda, bestelako sailekin elkarlanean koordinatuko dute proiektua, Ingurumen, Turismo, Kirol eta Kultura departamentuekin, hain zuzen. Duela bi agintaldi osatutako aurreproiektua berreskuratu eta eguneratu egin dute. Orain, behin betiko proiektua ari dira zehazten. «Lan honetan, besteak beste, aurrekontuak zehaztu, esku hartzeak definitu eta jabetza pribatuko eremu txikietan jabeekin harremanetan jarriko gara», dio zinegotziak.
Udal Gobernuarentzat «estrategikoa» da Eraztun Berde Urdina eta, horrenbestez, 100.000 euroko aurrekontua jarri du garatzeko. Era berean, Udalsarea 21eko Berringurumena programara aurkeztu dute, kanpoko diru laguntza lortzeko.
Horrekin batera, parte-hartze prozesu bat ere jarriko dute abian, herritarren zein eragileen ideiak jasotze aldera. Dagoeneko hainbat ideia badituztela aurreratu du, esaterako, umeen kluba sortzea, haurrak eta gaztetxoak eraztunean inplika daitezen.
Dinamizazioa eta bultzada
2007ko agintaldian jaio zen eraztuna osatzeko ideia, «Zarautz inguruan dauden baso eta gune naturalak babesteko beharra ikusita eta Gasteizko eraztuna eredu hartuta». Orduan ere Agenda 21eko arduraduna zen Vazquez. Haren arabera, Zarauzko alde naturalak mapan kokatu zituzten, eta korridore ekologiko bat definitu zuten Agenda 21 sailean.
Gobernu aldaketarekin, 2011n proiektua gelditu egin zela azaldu du Vazquezek, eta orain eraztuna martxan jartzea dutela helburua. «Dudarik gabe, proiektu honekin gure herriaren dinamizazioa eta bultzada ere lortzen da, iraunkortasunaren bidetik, herritarrei aukera anitzak ekarriko dizkiolako. Zarautz bizia eta iraunkorra nahi du Udal Gobernuak eta hori lortzen da proiektuak eta ekimenak martxan jarriz».