Ken Zazpiren kontzertua aurkeztu dute, ikastolan

Zarauzko Hitza 2016ko apirilaren 26a

Ezkerretik, Zurekineko Asier Aldalur; ikastolako guraso elkarteko Unai Lekuona eta Goretti Aranburu, Ken Zazpiko Eñaut Elorrieta eta Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia. (Amaia Ventas)

Salbatore Mitxelena ikastolak eta Zurekin ostalari elkarteak antolatu dute ekitaldia, Zarauzko Udalaren babesarekin.

Elkarlanean antolatu dute ekitaldi berezia Zurekin ostalarien elkarteak eta Salbatore Mitxelena ikastolak, Zarauzko Udalaren babesarekin. Gaur egin dute kontzertuaren aurkezpena ikastolan. Bertan izan dira Unai Lekuona eta Goretti Aranburu ikastolako guraso elkarteko kideak, Zurekineko Igor Azpitarte, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia eta Ken Zazpiko Eñaut Elorrieta eta Jon Mikel Arronategik.

Zurekinek uda sasoitik kanpo kontzertu bat antolatzeko asmoa zuela jakinarazi dute eta ikastolak, bere aldetik, ekitaldi berezi bat egiteko nahia, 50. urteurreneko ospakizunen barruan. Maiatzaren 7an, larunbatean izango da kontzertua, Salbatore Mitxelenako patioan. Eguraldi txarra eginez gero, Aritzbatalde kiroldegian egingo dute.

Elorrietak jakinarazi du Phoenicoperus disko berria aurkeztuko dutela emanaldian, baina horrez gain, abesti zaharrak ere joko dituztela. Hori guztia, argi eta irudi muntaia bereziz lagunduta. "Ikuskizuna alde guztietatik limatzen saiatuko gara", nabarmendu du abeslariak.

Sarrerak salgai daude dagoeneko. Internetez eskura daitezke, Kutxabank-en atariaren bitarez, eta baita Zurekineko ohiko tabernetan nahiz ikastolan bertan, 15 euroan. Egunean bertan 18 euro ordaindu beharko da txartel bakoitza. 1.500 sarrera izango dira, guztira.

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide