GURE UNIBERTSOKO ABIADURAK
Duela gutxi grabitazio-uhinen kasuarekin argitaratu ziren datuak milaka milioi urtetakoak izan ziren eta normalean horrelako berrien aurrean sinesgaiztasun batez ahaztutzen ditugu hurrengo egunerako.
Gaur, gure hurbileko gai batek atentzioa emanda, hasi naiz idazten. Irakurri dut ilargia lurraren biran 3.500 kilometro orduko (1,029 km/seg) abiaduran dabilela. Hain patxadatsu mugitzen ikusten dugun ilargia ez dabil nonbait hain mantso.
Abiadura hori handia edo txikia den tankera emateko, gogora ditzagun gizakiok espaziora bidali ditugun satelite batzuren abiadurak: gure GPSa informatzen duten sateliteak 14.000 km/h dabiltza biraka; Hubble Teleskopio famatua 27.000 km/h dabil: eta Nazioarteko Estazio Espaziala 27.750 km/h. Ilargiarenak, beraz, ez du oso abiadura handia ematen.
ILARGIA
Ilargia trajektoria eliptikoa du, baina batazbestekoa eginez, esan genezake 384.000 kmko distantziara dagoela lurretik. Lurrari 27,3 egunean behin ematen dio bira lurrari eta denbora berean bere buruari bira bat. (Irakurleak jakin behar du ilargi bete batetik hurrengo ilargi betera 29,53 egun daudela, eta ez 27,3 egun, lurra ere mugitzen ari delako).
Ia hilabete horretan (27,3 egun) 2.428.900 kilometro egiten ditu ilargiak lurrari biraka.
LURRA
Eguzkia halako ordutan irten edo sartu dela esaten badugu ere, denok dakigu lurra dela mugitzen ari dena eguzkiaren jiran. Lurraren abiadura jakitea ere interesgarria dirudi.
Lurrak gutxigorabehera urtea behar du eguzkiari bira emateko eta bere buruari egunean behin ematen dio bira osoa. Orain baditugu bi astro elkarrekin biraka: Lurra eguzkiaren jiran ilargia bere bueltan duela, gu autoan goazenean euli bat buruan biraka darabilgunean bezala.
Zorionez eguzkia ilargia baino apartexeago dugu, 150.000.000 kilometrotara, hain zuzen. Trajektoria eliptikoa egiten duenez lurrak eguzkiaren bueltan ez da beti distantzia bera (Argiak handik hona etortzen 8,33 minutu behar ditu, 300.000 km/seg abiaduran).
Erradioa 150 milioi kilometrotakoa bada, zirkunferentzia 942.480.000 kilometrokoa da. Alegia, hau da lurrak eguzkiaren jiran egiten duen bidea urte batean. Urtean zenbat ordu dauden kalkulatzen baduzue, atera ahal izango duzue zenbat kilometro egiten dituen orduko: 107.577 kilometro orduko (30 km/seg). Harrigarria! Abiadura horretan dabil lurra espazioan!
EGUZKIA
Ikasi dugu lurra dabilela eguzkiaren bueltan, baina askotan iruditzen zaigu eguzkia bera geldirik dagoela. Baina ez, eguzkia ere martxan dabil. Espazioan ez dago ezer geldirik.
Eguzkia gure galaxian, Esne Bidea (Via Lactea) galaxian, dabil mugimenduan. Espazioan ez da samurra astroen trajektoriak zehaztea, erreferentzia izan daitezkeen astroak ere mugitzen ari baitira.
Eguzkia gure galaxian biraka dabil, bira bizkor eta biziki luzea eginez. Kalkulatzen da eguzkia 900.000 km/h abiaduran (250 km/seg) ari dela mugitzen.
Eguzkiak zenbateko ibilbidea egiten ote du galaxiaren jiran? Ez naiz hasiko kilometroak idazten, artikuluarentzat tokirik gabe geratzeko beldurrez. Bakarrik esango dut galaxiaren erdigunearekiko orbita oso bat ematen 225.000.000 urte behar dituela abiadura horretan.
HIRURAK BATERA
Buruan datu biribilak gordetzeko, honatx hiruenak biribilduta: Ilargia 3.500 km/h abiaduran; Lurra 100.000 km/h abiaduran; eta Eguzkia 900.000 km/h abiaduran. Politena da hirurak elkarrekin doazela, goazela, beste planetekin batera, 800.000 km/h abiaduran.
Martxel Aizpurua