Arkamurka natur elkarteak antolatuta, Astronomia Astea ospatuko dute beste behin Zarautzen. XVIII. ziklo honetan, lau hitzaldi eskainiko dituzte. Apirilaren 12an, datorren asteartean, zulo beltzak eta uhin grabitazionalak izango dituzte hizpide Ander Gonzalez de Txabarri EHUko ikasleak eta Arkamurkako kide Iñigo Elorzak. Fenomeno horien ezaugarriak zeintzuk diren eta nola detektatzen dituzten azalduko dute, besteak beste.
Bigarren egunean, hilaren 13an, Zeru sakonean hitzaldia eskainiko du Iruñeako Planetarioko ordezkari Miren Karmele Gomez Garmendiak. Planetarioan prestatu duten Deep Sky ikus-entzunezkoa emango dute eta horren inguruan mintzatuko da.
Hilaren 14ean, ostegunean eguzkiaren eremu grabitatorioan dauden gorputz ugariei begirada bat botako diote bertaratzen direnek, Eguzki Sisteman zehar bidaiatzen hitzaldiaren bitartez. Naiara Barrado Izagirre EHUko zientzia planetarioen taldeko kideak eskainiko du.
Teleskopioari etekina ateratzeko hainbat aholku eskainiko dituzte Arkamurkako Alfredo Sayalero eta Ander Souza azken hitzaldian, datorren ostiralean. Teleskopioa nola muntatu azalduko dute, horri nola gehitu kamera bat eta, oro har, erabilera hobetzen lagunduko diete gerturatzen direnei, gaztelaniaz. Lau hitzaldiak natur elkartearen aretoan izango dira, 20:15etik aurrera.
Astea biribiltzeko, larunbatean eguzki eta gau behaketak egingo dituzte, urtero legez. 12:00etatik 14:00etara bilduko dira parte-hartzaileak Munoan eguzkia behatzeko. Gaua aztertzeko, berriz, Salberdingo lorategian elkartuko dira, 21:00etan.