Zarauzko golfaren mendeurreneko liburua aurkeztu dute

Aritz Mutiozabal 2016ko martxoaren 12a

Carlos Celles Anibarro egilea mendeurreneko liburua aurkezten (Aritz Mutiozabal).

Ehun urte bete ditu Zarauzko Real Golf Clubak, eta horren harira, liburua aurkeztu dute gaur arratsaldean elkartean bertan.

Carlos Celles Anibarro getxoztarra arduratu da Real Golf Club de Zarautz 1916-2016 lana egiteaz, eta "ohore" bat izan dela adierazi du. "Urtebeteko lana izan da, eta nire egitekoa koordinazio lana izan da. Kolaboratzaileek ahalbidetu dizkiguten argazki, testigantza eta materialarekin forma eman diogu". Hainbat alderdi landu ditu bertan; hau da, gizartea, historia eta kirolari loturikoak.

Klubeko presidente Juan Carlos Larrañagak zuzendu du ekitaldia, eta hainbat gonbidatu k hartu dute bertan parte. Xabier Txurruka alkateak golf zelaia dunan eraiki zela gogora ekarri du, eta "horri esker, paraje pribilejiatu honen ontasun eta zoragarritasun guztiak kontserbatzen ditugu gaur egun". Bere esanetan, gutxi dira herrian mendea bete duten elkarteak: "Hori gertatu ohi da garaietara egokitzen eta ezbeharrei aurre egiten jakiten duenean elkarte batek. Ziur naigo garai berrietara ere moldatzen joango dela, eta urteurrenak ospatzen jarraituko dugula".

Ezbehar horietako bat 2014ko itsas denboraleak eragindakoa izan zen. Ondorioz, golf zelaia berregituratu behar izan zuten, eta horretarako Txema Olazabal golflariari eskatu zioten diseinu berria egiteko. Aspaldiko harremana du Olazabalek Zarauzko zelaiarekin, gazte garaian hainbat txapelketa jokatu baitzituen bertan. "Oroitzapen oso onak ditut, eta niretzat ohore bat da Zarauzko klubarekin kolaboratzea. Hasiera batean, konplexua zirudien berregituratzea, zelaiaren ezkerraldea oso kaltetuta geratu zelako, baina azkenean oso txukun geratu dela uste dut. Espero dut zelaiaz gozatuko duzuela, harribitxi bat baituzue hemen".

 

Festa eta txapelketak

Mendeurreneko presidente Santiago Fernandez Villaverdek jakitera eman duenez, mendeurreneko festa abuztuaren 13an egingo dute. Era berean, Martinez Bujanda upategiarekin harremanetan, urteurreneko ardoa ere atera dute. Kirol arloari dagokionez, hainbat ekitaldi antolatuko dituztela azaldu du Alberto Pardok: abuztuaren 5-6an, Zarauzko Txapelketa Irekia jokatuko da; abuztuaren 7an, profesional mailako txapelketa, hiruko taldetan lehiatuko direna; mendeurreneko ligaxka jokatuko dute; abuztuaren 19-20an, Hickory txapelketa egingo dute garaiko golflariek jokatzen zuten modu berean, zurazko makilekin eta pilota bereziekin; eta irailean, Espainiako kluben arteko txapelketa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide