Atzo hasi ziren Urdaneta auzoan San Martin jaiak ospatzen, eta antolatzaileen hitzetan, esperotakoa baino jende gehiago ari da gerturatzen festaz gozatzera. Jaiei hasiera txupinazoarekin eman zieten atzo, eta dultzaineroen laguntzarekin eginiko poteoaren ostean, auzo afaria gauzatu zuten. Guztira, 150 lagun elkartu ziren mahaiaren bueltan, eta afalostean, erromeriak eta DJ saioek musikaz girotu zuten auzoa.
Gaur, berriz, estreinakoz jarri dituzte haurrentzako puzgarriak auzoko frontoian. Antolakuntzako kideek esan dutenez, haurren jolasek zer harrera izango zuten ez zekiten arren, arrakasta oso ona izan du hitzorduak. Bestalde, 17:00etan hasita, mus txapelketa egin dute Indamendi elkartean, eta adin hainbatetako zenbait bikotek parte hartu dute lehian. 21:00etan, berriz, afaria egingo dute elkarte horretan bertan, Euskal Parrilaren eskutik, eta ondoren, Komerik taldearen erromeria izango da frontoian. Goizaldera arte festan jarraitu nahi dutenek DJ Nazaren musikaz gozatu ahal izango dute Ximor tabernan.
Biharko eguna izango da festetako azkena, eta hainbat ekintzaz osatuko dute eguna. Adinekoei zuzendutako jarduerak izango dira batez ere biharkoan; izan ere, besteak beste, meza eta oilasko biltzeko kideekin bazkaria egingo dituzte. Arratsaldean, berriz, herri kirol saioa eta erromeria izango dira frontoian.