Urola Kostako eremu funtzionalaren plan partzialaren hasierako onespena aurkeztu zuen atzo Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Urola Kostako eremu funtzionala osatzen duten udalerrietako ordezkariekin egin zuen saioa, Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Zarautzen duen egoitzan.
Diputatuak azaldu zuen moduan, plan horrek, alde batetik, aukera emango du etxebizitzak non eraiki eta jarduera ekonomikoak non egin erabakitzeko. Gainera, naturaguneak nola babestu eta udalerriak klima aldaketaren aurrean nola egokitu jakiteko baliagarria izango da.
Era berean, azaldu zuen planak 2050. urtera bitartean burutu beharreko bost konpromiso jasotzen dituela: etxebizitza eskuragarriak eta erabilgarriak bermatzea; hondatuta dauden eremuak berritzea lur gehiago hartu eta zabaldu aurretik lehendik dauden lurrak aprobetxatuz; kostaldearen eta barnealdearen arteko oreka lortzea Zarautz eta Azpeitia gune nagusi gisa indartuz, baina landa eremuetako udalerrietan ere zerbitzuak eta aukerak bermatuz; eskualde barruko eta Donostialdearekiko loturak hobetzea; eta, plangintzatik ekintzara pasatzea, hartutako konpromisoen jarraipena eginez.
Plana jendaurrera
Plan partzialaren hasierako onespena herritarrekin partekatze aldera, hainbat saio antolatu dituzte hilaren amaierarako. Lehenengoa Zarautzen izango da, hilaren 27an, 18:00etatik 20:00etara, Etxezabala aretoan. Bigarrena Azpeitian zaingo da, hilaren 28an, Zarauzkoaren ordu berean.
Dominguezek plana ezagutzeko interesa duten herritar guztiak animatu ditu saiora, eta gogorarazi du alegazioak aurkezteko aukera ere badagoela.