Azpeitira iritsita, kostaldeko herrietatik igaroko da bihar irakasle jubilatuen Adostuz elkartearen bizikleta martxa

Julene Frantzesena-Maialen Etxaniz

Joan zen igandeaz geroztik Euskal Herria zeharkatzen ari dira irakaskuntza publikoko irakasle jubilatu hainbat, erretiro aurreratuagatiko kalte ordaina jaso nahi dutela aldarrikatzeko. Gaur arratsaldean bukatu dute laugarren etapa, Azpeitiko plazan, eta bihar Donostiarako bidea hartuko dute; Zumaiatik, Zarauztik eta Oriotik igaroko dira. Eusko Jaurlaritzak 2012az geroztik du etenda lan hitzarmenean jasota dagoen jubilazio aurreratuari dagokion kalteen ordainketa.

Gaur arratsaldean iritsi dira Azpeitiko plazara irakaskuntza publikoko irakasle jubilatuen Adostuz elkarteak antolatutako bizikleta martxan parte hartzen diren lagunak. 2012az geroztik Eusko Jaurlaritzak irakasleei ez die ordaintzen lan hitzarmenean ezarrita dagoen jubilazio aurreratuari dagokion kalte ordaina, eta hain zuzen ere, elkarteko kideak ordainketa hori gauzatzeko aldarria ari dira zabaltzen Euskal Herrian barrena.

Joan zen igandean hasi zuten bizikleta martxa Gasteizen, eta herriz herri ibilita, gaur bukatu dute laugarren etapa Azpeitian. Dozena inguru lagun iritsi dira arratsaldean plazara, eta beste hainbat lagunek txalo artean hartu dituzte horiek. Martxan parte hartzen ari diren elkarteko kideek Izarraizpe ikastolaren Perdillegiko eraikinean pasatuko dute gaua, eta bihar Donostiarako bidea hartuko dute; Urola Kostako herrietatik igaroko dira kilometroak egin ahala, hala nola Zumaiatik, Zarauztik eta Oriotik. Martxa igandean bukatuko dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean. 

Adostuz elkarteak 4.545 irakasle jubilatu batu ditu aldarrikapen beraren bueltan, eta horixe lau haizetara zabaltzea dute orain xede. Elkarteko kidea den eta bizikleta martxan parte hartzen ari den Juan Inazio Azkue azpeitiarrarekin hitz egin du gaur arratsaldean Gukak. Hark azaldu ditu bizikleta itzuliaren nondik norakoak, baita elkartearen xedeak ere.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide