Amezti etxearen aferan pauso judizial guztiak agortu arte "ekinean" jarraituko duela esan du Aiako Udalak

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 14a

Talaimendiko Amezti etxea. (SOS Talaimendi)

Espainiako Auzitegi Gorenak Talaimendiko Amezti txaleta eraitsi behar dela ebatzi du, baina Aiako Udalak nabarmendu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari dagokiola azken erabakia hartzea. Hori gertatu bitartean, udalak bere jarrera defendatzen jarraituko duela ziurtatu du.

Aiako Udalak eta Maite Garrastazu Zarauzko EAJko zinegotzi ohiaren familiak pasa den urteko urtarrilean Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren kontra aurkeztu zuten helegitea baztertu du Espainiako Auzitegi Gorenak, eta beraz, Aiako lurretan kokatzen den Amezti etxea bota behar dela ebatzi zuen, 2025ean EAEko auzitegiak egin bezala. Atzo zabaldu zen publikoki Gorenaren ebazpena, eta gaur mintzatu da aferaren inguruan Jon Ander Azpiroz Aiako alkatea: "Gaur gaurkoz, ez dago behin betiko izaerarekin irmoa den ebazpenik, beraz, eskubidez dagozkigun pauso guztiak agortu bitartean udalak bere ekinean jardungo du", adierazi du.

Auzitegi Gorenak emandako epaia irmoa bada ere, Aiako alkateak nabarmendu bezala, oraindik ez da amaitu Talaimendiko etxebizitzaren harira 2015ean irekitako prozesu judiziala, Gorenean ez ezik EAEko Auzitegi Gorenean ere aurkeztu baitzuten kasazio helegitea Aiako Udalak eta Garrastazu familiak. Beraz, auzitegi horrek izango du hamarkada bat baino gehiago luzatu den auzibidea ixteko ardura, eta litekeena urtea amaitu aurretik ematea ebazpena.

2025eko urtarrilaren 17an emandako sententzian, EAEko auzitegiak ebatzi zuen 11 logela eta beste hainbeste bainugela dituen etxebizitzak urratu egiten duela 2006eko Lurzoruaren Legea –epai hori berretsi du Gorenak orain–, hortaz, epaitegi horrek jarrera aldatuko ez badu, txaleta eraisteak nahiz Talaimendiko eremua eraikuntza egin baino lehen zegoen bezala uzteak eragingo lukeen kostuaz arduratu beharko lirateke Aiako Udala eta Garrastazu familia. Horrez gain, bi milioi eurotik gorako isuna jar diezaiekete etxebizitzaren sustazaileei. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide