"Euskara azterketak zuzentzen aritu garenok presioa eta beldurra sentitu ditugu"

Maialen Etxaniz 2026ko uztailaren 10a

Euskalgintzaren Kontseiluaren kartel bat. (Maialen Etxaniz)

Hainbat dira UsaPen zuzentzaile aritu diren eskualdeko irakasleak. Batek testigantza eman dio Gukari, eta aitortu du egun zailak izan direla. Gabeziak nabaritzen dizkio egungo hezkuntza sistemari. 

Auziak izan duen oihartzunagatik, irudia eta lanbidea ez kaltetzeko xedez, anonimoki eskaini ditu adierazpenak zuzentzaileak. Gukak ziurtatu du haren identitatea, eta anonimotasuna bermatu dio.

Zuzentzaileok jopuntuan egon zarete. Nola bizi izan duzu gertatutakoa? 

Egun gogorrak izan dira. Zenbaitzuk zuzentzaileen izenak jakin nahian aritu dira, eta jopuntuan jarri gaituzte. Presioa eta beldurra sentitu ditugu; besteak beste, jazotakoak gure eguneroko lanari eragingo ote dion beldurra. Aurtengoa UsaPa zuzentzen nuen aurreneko aldia izan da, eta epaimahai berean herrikide bat izan dut. Asko hitz egin dugu elkarrekin prozesu osoan. Behin lanak amaituta, komentatu genuen zero edo zero komadun azterketa asko genituela, baita bederatziko eta hamarreko azterketa ugari ere. Finean, zeroak bezala, hamarrekoak ere bazeuden, eta azterketa guztiak irizpide berberak jarraituta zuzendu genituen. Beraz, zero asko zeudela esan zutenean, ez nintzen batere harritu. Askok merezi zuten zeroa.  

Nolako euskara maila aurkitu zenuen azterketetan?

Maila oso oneko azterketak zeuden, baina maila oso txarrekoak ere, ugari. Aurten aurrenekoz zigortu dira ortografia eta adierazpen akatsak. Hau da, ikasleak testua ulertu duen ala ez baloratu da, baita ulertutakoa ondo idatzita al dagoen ere. Akats horiek notak jaistea eragin dute, nolabait. Izan ere, egon dira itxuragabe idatzitako testuak, gaiari ez zitzaizkionak egokitzen, egitura aldetik ondo ez zeudenak, edota euskaraz adierazkortasun oso eskasa zutenak, batzuetan ulergaitzak izateraino. Hor ez dago auzi politikorik. Azterketetan nahikoa garbi antzematen da ikasleak euskaraz dakien edo ez dakien, eta, noski, beti daude salbuespenak: gertatu izan zait azterketaren batean ikustea ikaslea euskaraz moldatzen dela, baina egitekoari gaizki erantzun diola, idatzi beharrekoaren ordez beste zerbait idatzi duela. Horri ezin zaio puntuaketa onik eman.

Berrikuspenen ostean lasaitu al zineten?

Egia esan, bai. Bigarren bueltan azterketak zuzentzera joan ginenean –berrikuspenean beste ikasle batzuen azterketak baloratzen dira–, kezka eragiten zigun aurrez guk zuzendutako azterketak nola baloratuko zituzten pentsatzeak. Izan ere, presio galanta sumatzen zen giroan, eta gerta zitekeen zuzentzaileek beldurrez jokatzea eta malguago aritzea bigarren txandan. Beti esan izan digute zalantzen aurrean malgu jokatzeko. Azkar jakin zen behin betiko notak hasierakoen oso tankerakoak zirela. Horrek erakutsi du azterketak behar bezala zuzenduta zeudela, anonimotasunaren bermearekin, noski. 

Batez besteko notek beherantz egin dute. Zer hausnarketa egin duzu?

Geroz eta gutxiago prestatuta datoz ikasleak, dudarik gabe. DBHn eta Batxilergoan aritzen naiz irakasle, eta argi ikusten dugu, hainbat arrazoi tarteko, ezinezkoa bihurtu dela DBH ez gainditzea, eta gero eta maila eskasagoarekin iristen dira ikasleak Batxilergora. Lehen, galbahea pasatzen zen DBHko azken mailan, baina orain ia denak igarotzen dira Batxilergora. Hara iritsitakoan, zer? Kopetako galanta hartzen dute ikasleek. Hala ere, aurrera egiten dute eta iristen dira unibertsitaterako sarbide probara. Orduan nabaritzen dira kanpo presioak: ikuskaritzarenak, Hezkuntzarenak... Noski, denei interesatzen zaie ikasleek proba gainditzea, eskola porrotik ez dagoela esateko. 

2026-2027 ikasturteko USaPen Euskara azterketan literaturaz ere galdetuko dute. Ikasleek ikasi beharko dituzte, alde batetik, bederatzi autore, haien korronte eta testuinguruekin; eta, bestetik, hiru liburu irakurri beharko dituzte. Egoera orduan leher daiteke, azterketa askoz ere zailagoa izango delako. Hori bai, hau ez da egun batetik besterako kontua; hiruzpalau urteko tartea izan dugu eredu berrira egokitzeko. Gaztelaniako azterketaren maila bereko proba izango da, eta helburua da euskarari duintasuna ematea. Izan ere, orain artekoa A eredukoek gainditzeko egindako proba zen. Ikusi da, ordea, A ereduko ikasleen euskara maila ez dela, curriculumak hala aurreikusi arren, euskarako B2 mailaren parekoa. Beraz, sistemak ez du ikasle guztien euskalduntzea bermatzen. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide