Donostiako Klasikoa Urola Kostatik igaroko da, abuztuaren 1ean

Andoni Elduaien 2026ko uztailaren 4a

Primoz Roglic, iaz, Urraki mendatean gora. (Mailo Oiarzabal)

Abuztuaren 1ean, larunbatez, jokatuko dute txirrindularien Donostiako Klasikoaren 45. aldiko proba. Kostaldetik zehar sartuko da lasterketa eskualdera, eta Arroabean atera. Ordea, Azkarate mendatetik itzuliko dira berriro txirrindulariak Urola Kostara, Azkoitia eta Azpeitia zeharkatzeko. 

Beste urte batez, txirrindularien Donostiako Klasikoa eskualdeko errepideetan ikusteko aukera izango da aurten ere. Abuztuaren 1ean, larunbatez, jokatuko dute lasterketa entzutetsu horren 45. aldiko proba, Donostian hasi eta Donostian amaituko dena. Ordea, irteerako eta helmugako lerroak lotzeko Gipuzkoako zenbait herri igaro beharko dituzte aurrez txirrindulariek, tartean Urola Kostakoak. 

Lasterketaren 16. kilometroan sartuko da proba eskualdera Oriotik, 11:35 inguruan. Segidan, Zarautz (11:45), Getaria (11:50) eta Zumaia (12:00) zeharkatuko dituzte txirrindulariek, harik eta Arroabean (12:05) eskualdea utziko duten arte. Proba horretako partaideek Itziar eta Deba aldera joko dute orduan, eguneko lehen mendatea egitera; izan ere, txirrindulariek 3. mailako Kalbario igoko dute Mutrikutik Mendarora egiteko. Mendarora ailegatzean, Elgoibar aldera hartuko du probak, baina hara joan beharrean, Azkarate mendatera sartuko dira. Elgoibar eta Azkoitia lotzen dituen 3. mailako bigarren mendate horri egin beharko diote aurre partaideek.

Azkarate atzean utzita, 13:05 inguruan ailegatuko dira aurreneko txirrindulariak Azkoitiko herrigunera, eta saihesbidetik Azpeitia alderako errepidea hartuko dute. Antolakuntzak 13:10 aldean aurreikusi du proba Azpeitira iristea. GI-2634 errepidetik egingo dute ziklistek bide hori guztia, eta zuzenean Urraki mendatera joko dute. Txirrindulariek 2. mailako mendate hori igoz utziko dute eskualdea, eta hala Tolosaldean sartuko da.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide