Denen gustura euririk behin ere ez duela egiten dio esaerak, eta eztabaidarako gaia zezenak direnean, are gutxiago. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru urte pasatxoan debekatuta egon dira 16 urtetik beherakoentzako zezen ikuskizunak, 2022ko irailetik indarrean den etxeko animalien ongizaterako legeak agintzen duelako animaliak tartean diren ikuskizun guztiek ezinbestean araututa egon behar dutela; eta zezentxoekin egiten ziren ikuskizunak arautu gabe zeuden. Eusko Jaurlaritzak debekua ezarri zuenetik, ate asko jo dituzte zezen festa herrikoien aldeko elkarteek, baita alderdi politikoenak ere. Horrela, joan den urrian, EAJ eta PSE-EE izan ziren zezen ikuskizunak arautzeko legearen erreforma aurkeztu zutenak, eta orain Eusko Legebiltzarraren onespena jasota, berriz ere zabalik da zezen txikiekin ekitaldiak antolatzeko aukera. Erabakiak erreakzio soka ekarri du, oso aldeko zein oso kontrako iritziekin. Mutur batean zezenzaleak daude, pozik, horrenbeste desiotako berria iritsi delako; beste muturrean, aldiz, haserre daude elkarte animalistak, gaztetxoentzako zezen ikuskizunak atzera berriz baimentzea "astakeria hutsa" irudituta.
Aurreikuspenak betetzera, PPren eta Voxen babesa duen araudi berria –EH Bildu abstenitu egin da eta Sumarrek kontra bozkatu du– pare bat asteko epean argitaratuko dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta une horretan bertan sartuko da indarrean. Xehetasun guztiak orduan egingo dira publiko, baina dagoeneko aurreratu dituzte neurri aipagarrienak, eta horietako bat da aurrerantzean 8 urtetik aurrerako umeek gurasoen baimenik gabe parte hartu ahalko dutela bigantxekin egiten diren sokamuturretan, entzierroetan eta antzerako ekitaldietan. Nahikoa izango da ume horiek heldu batek lagunduta egotea, edo adinez nagusia den pertsona batek gainbegiratzea.
Parte hartzaileentzat ez ezik, ekitaldi horietan erabiliko dituzten animalientzat ere baldintza zehatzak ezartzen ditu lege berriak. Besteak beste, gutxienez sei hilabete eta gehienez 18 izan beharko dituzte animalia horiek, eta adarrak estalita edo babestuta eraman beharko dituzte, adarkadak saihesteko.
"Gakoa oreka topatzea da, eta uste dugu lege honek oreka hori bermatzen duela"
Asier Albite, Albara ganadutegiaren jabea
Abereen ongizatea bermatzeko neurriak ere hartu beharko dituzte ekitaldi horietan. Esate baterako, zezen bakoitza gehienez ere hamabost minutuz erabili ahalko da, eta debekatuta egongo da animaliak "zauritzea, ziztatzea, kolpatzea, haiei heltzea eta tratu iraingarria ematea". Halakorik gertatuz gero, ikuskizuna bertan behera uzteko eskumena izango du ekitaldiaren antolatzaileak. Hain zuzen ere, antolatzaileena izango da abereen ongizatea bermatzeko ardura, baina ganaduzaleek eta gainontzeko parte hartzaileek ere zaindu egin beharko dituzte animalien egoera fisikoa eta psikologikoa, ez baita derrigorra izango ekitaldi horietan albaitari bat egotea.
Bi muturretako iritziak
Endoiako Albara ganadutegiaren jabe Asier Albitek txalotu egin du lege berria: Iruditzen zaigu animalien zein parte hartzaileen ongizatea bermatzen dituela eta, gainera, ez duela oztopatzen antolakuntza. Zenbat eta segurtasun neurri gehiago, orduan eta zailagoa izaten da antolakuntza; horregatik, gakoa, bien arteko oreka topatzea da, eta uste dugu lege honek oreka hori bermatzen duela".
Pozik da Josu Arregi Zestoako Lopene ganadutegiaren jabea ere. "Aspalditik geunden lege honen zain. Berez denboraldiaren hasierarako espero genuen. Aste Santu buelta horretarako edo maiatzerako, baina atzeratuz joan da kontua". Batetik eta bestetik galdezka jardun zaizkiela esan du. "Udako festak antolatzeko ardura duten udala eta eragileak galdezka jardun zaizkigu azken aste eta hilabeteetan, eta guk ezin ezer ziurtatu".
Aldiz, kontrako iritzia du Oinatz elkarte animalistako kide Leire Rezabalek. "Egia esateko, hiru urte eta gero ez nuen espero atzera berriz animalia erabat zaurgarriekin egiten diren ekitaldi horiek baimenduko zituztenik, eta iruditzen zait sekulako atzerapausoa dela gure gizartearen eboluzioan". Gainera, eskuineko ideologien indartzearekin lotu du zezenen bueltako ekitaldien hazkundea.
Arautu gabeko esparru bat arautzeak hori egokia denik ez duela esan nahi adierazi du azpeitiarrak, eta prostituzioarekin konparatu du: "Ekintza bat moralki egokia ez denean, arautzeak ez du hori konpontzen, alderantziz, segurtasun sentipen faltsu bat ematen du. Diskurtso baten arrazoia zerbait araututa egotearen araberakoa izatea ez dut egoki ikusten".
Albitek alderdi on ugari ikusten dizkio araudi berriari. Afizionatu moduan, zaletasuna txikitatik sortzea ezinbestekoa iruditzen zaio. "Guk hori bizi izan dugu, kalean zezentxoekin ibili izan gara, eta zaletasuna sortzeko orduan funtsezko elementua izan da hori". Umeen eta zezenen arteko harremana zenbat eta lehenago hasi, orduan eta hobe dela iritzi dio ganaduzaleak. "Beste edozein diziplinatan bezala, zezenetan ere hobe da umetan hastea, trikimailuak eta ohiturak askoz hobeto ikasten eta barneratzen direlako, modu naturalean". Musika eskolak, bertso eskolak eta kirol eskolak jarri ditu adibidetzat, horietan ere umetan hastea komeni izaten dala, gaitasunak behar bezala garatu ahal izateko.
"Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan debekatuta egon dira zezen txikiak, baina Nafarroan ez, eta horrexek salbatu gaitu"
Josu Arregi, Lopene ganadutegiaren jabea
Albiteren esanetan, zezenekin harremanak izaten umetan hasten denak "ikasiko du txahal batek mina eman dezakeela, baina txahala txikia denez ez dio min handirik emango, eta poliki-poliki ikasten joan da gauzak nola egiten diren, nola korrika egin, nola saltatu hesia, ingurukoei laguntzen, animalia errespetatzen...". Kontrara, 16 urterekin lehen aldiz zezen baten aurrean jartzea askoz arriskutsuagoa iruditzen zaio. "Gazte horrek zein animaliak min hartzeko aukerak biderkatu egiten dira". Eta umeen eta zezen txikien arteko harreman horretatik, umeek ez ezik, zezenek ere asko ikasten dutela nabarmendu du: "Animaliak ere txikitatik lanean hastea beharrezko da. Hala, handitzen denerako jakingo du indarrak dosifikatzen, jakingo du zer den kamioia, jakingo du zer den pertsona bat, jakingo du etxera bueltatzen, jakingo du ez zaiola ezer gertatuko...".
Diru iturri garrantzitsua
Eta bi alderdi horiez gain gain, zezen txikien ikuskizunak antolatzen hasi ahal izateak ganaduzaleei ekarriko dien onura ekonomikoa ere nabarmendu du Albitek. "Guk hiru urte daramatzagu ganadutegiarekin, eta ez dugu ezagutu ikuskizun horiek martxan egon diren garairik, baina zezentxoak diru iturri nabarmena ziren ganadutegientzat, diru sarreren erdiak-edo haietatik lortzen zituzten, herriz herri ekitaldi pila bat eginda".
Albiteren esana berretsi du Arregik, urte zailak izan direla ziurtatuta. "Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan debekatuta egon dira zezen txikiak, baina Nafarroan ez, eta horrexek salbatu gaitu". Lehen, lanik gehiena zezen txikiekin egiten zuela esan du, baina debekuak moldatzera behartu duela. "Zezen txikiekin lan gutxiago egin dugun bezala, azkenaldian handiekin geroz eta gehiago ari gara, baina lehen ere ganadutegia aurrera ateratzeko funtsezkoak genituen zezen txikiak, eta aurrerantzean ere hala izango dira".
Ondo bidean, pare bat aste barru sartuko da indarrean araudi berria, eta santioetarako-edo lehendabiziko ekitaldiak egiteko prest izango direla espero du ganaduzale azpeitiarrak. "Denbora aurrera doa eta herri batzuetako festak dagoeneko joan dira, beraz, aurtengoa ere ez da ez da denboraldi bete-betea izango, baina ezingo gara kexatu, aurrerantzean aukera izango dugulako lehen joaten ginen herrietara bueltatzeko".
Rezabalentzat, alderdi ekonomikoa ez da nahikoa arrazoi zezen txikien ikuskizunak berreskuratzeko. "Egia da ganaduzaleen egoera ez dela samurra eta baserrietako ekoizpena gainbehera doan heinen, behar dituztela beste diru iturri batzuk, baina ez zait iruditzen bidea denik galtzera kondenatuak dauden jarduerak berreskuratzea". Ganaduzaleei beste era bateko laguntzak eman beharko litzaizkiekeela esan du edo, agian, beste negozio eredu batzuk lantzen hasi beharko liratekeela," haragiaren prezioa igo edo dena delakoa, baina sektorearen gainbeherak ezin du arrazoia edo aitzakia izan zezen ikuskizunak berreskuratzeko".
"Astakeria" eta "aldrebeskeria" hitzak erabili ditu araudi berriaz mintzatzerakoan. "Garbi utzi du gizarteak animalien ongizateak zenbat inporta dion. Animaliak gure azpitik daudela sinetsita gaude; pentsatzen dugu gure zerbitzurako bizi direla". Txakurren inguruan kontzientzia handiagoa dagoela uste du. "Utziko al genieke umeei txakurrak tratatzen ikuskizun horietan txahalak tratatzen dituzten bezala? Ez dut uste, edo pentsatu nahi nuke ezetz, etikoki gugandik gertuago sentitzen ditugulako, eta hori espezismoa da, espezieen arabera trataera bat edo bestea ematea, eskubide gehiago edo gutxiago balituzte bezala tratatzea, balio handiagoa edo txikiagoa ematea, gugandik urrunago daudenei tratu txarragoa ematea".
Haren ustetan, gizarteak honezkero barneratuta izan behar luke animaliak ez direla objektuak, "sentimenduak dituztela eta adierazi egiten dituztela", eta garrantzitsutzat jo du hausnartzea "zergatik ari garen umeei behar horiek sortzen, haiekin beste balio batzuk landu beharrean, enpatia esaterako".
Arriskuak eta ardurak
Legearen erreformak jasotzen dituen neurri zehatzetan sartuta, batzuk nabarmendu ditu Albitek. 8 urtetik aurrerako umeak gurasoen baimenik gabe ibili ahal izatea egoki jo du, zergatiak ondo azalduta: "Parte hartzaileei gurasoen idatzizko baimena exijitzea ez da bideragarria. Horrentzat irtenbidea izan daiteke, adibidez, perimetroa eta sarrera mugatzea, baina lan karga izugarri handitzeaz gainera, ekitaldi horien izaera herrikoiaren erabat kontra doa, izan ere, kasu horretan, barruan zaude edo kanpoan zaude, ia profesionala zara edo ez zara, eta horretarako txapelketak daude". Neurri hori erokeria dela uste dutenei pentsatzen jartzeko eskatu die: "8 urteko ume batek gurasoen idatzizko baimena behar al du skateparkean bakarrik ibili ahal izateko? Eta nork ziurtatzen du ume hori beti kaskoa jantzita ibiliko dela? Gurasoen edo tutoreen ardura izango dira ume horren jarrerak, baina 24 orduz ume bat kontrolatuta izatea ezinezkoa da".
"8 urteko ume bati utziko al genioke boxeo ikuskizun batera edo apustu etxe batera bakarrik joaten? Gauza horiek hausnartu egin behar dira"
Leire Rezabal, Oinatz elkarte animalistako kidea
Rezabali, aldiz, onartezina iruditzen zaio arriskua zer den ez dakiten umeen gain uztea ardura guztia. "Aurrera egin eta umeen hezkuntza inklusiboaren lanketan sakondu beharrean, indarkeria eta jazarpena bideratzen ari gara, eta umeei esaten horiek ondo daudela. 8 urteko ume bati utziko al genioke boxeo ikuskizun batera edo apustu etxe batera bakarrik joaten? Gauza horiek ondo hausnartu beharrekoak dira, adin horietako umeak ez direlako gai beren kabuz erabakitzeko jarrera biolentoak dauden jarduera batera joatea komeni zaien ala ez. Kontzientzia landu egin behar da, eta 8 urteko ume batek kontzientzia eta balioak ez ditu erabat garatuta".
Araudia osatzeko bidean hizpide izan dituzten bestelako neurri batzuen inguruko azalpenak ere eman ditu Albitek. Haren esanetan, ekitaldi horien beti albaitari bat egoteko derrigortasuna da eztabaidagai izan duten kontuetako bat. "Horrek antolakuntza asko zailduko luke, kasu batzuetan ezinezko egiteraino, albaitari nahikorik ez dago ekitaldi guztietarako. Neu albaitaria naiz, eta data jakin batzuetan, santioen buelta horretan eta abuztuko bigarren hamabostaldian esaterako, 16 urtetik gorakoentzako zezen ikuskizun guztietara iritsi ezin iritsita ibiltzen gara; bada, pentsa zer ekarriko lukeen 16 urtetik beherakoentzako ekitaldietan ere egon beharrak; ikuskizun asko antolatu ere ezingo ziren egin". Kontrara, ekitaldi guztietan anbulantzia bat egoteko ezinbesteko baldintza jartzearen erabat aldekoak direla ziurtatu du, zerbait larria gertatuko balitz, gerta baitaiteke, zentzuzkoa iruditzen zaigu neurria.
Hori bai, Albiteren hitzetan, ganaduzaleak prest leudeke kontrol edo ikuskaritza aleatorioak jasateko. "Nahi duten momentuan bidal dezatela ikuskari neurri guztiak behar bezala betetzen ari garen egiaztatzera". Ezkutatzekorik ez dutela azpimarratu du, eta eurak direla gauzak ondo egiteko interes handiena dutenak. "Kontuan izan gu bizi garela animalien portaera psikologiko bati esker. Animalia psikologikoki ondo ez badago, ez du ondo lan egingo, pertsonoi gertatzen zaigun bezalaxe. Animalia etxean ondo zainduta ez badago edo kalean egoera desatseginak bizitzen baditu, ez du bueltatu nahiko toki hartara eta eramanda ere ez du ondo lan egingo, eta guk inolaz ere ez dugu nahi horrelakorik. Gogotsu, indartsu eta irabazi duenaren pentsamenduarekin bueltatzen diren animaliak nahi ditugu guk, eta horretarako, etxean zein kalean ondo baino hobeto zaindu behar izaten ditugu.