Albistegia

Igandean estreinatuko da 'Matx' podcastaren bigarren denboraldia

Erredakzioa 2026ko maiatzaren 29a

Matx podcastaren bigarren denboraldiak sei kapitulu izango ditu, eta hileko azken igandeetan eskainiko dira. Denboraldi berriko lehen saioan, Nahia Zudaire igerilari zubietarra elkarrizketatuko du Aratz Losadak. 

Tokiko kirolaren sare sozialak, Matx-ek, bere podcastaren bigarren denboraldia estreinatuko du etzi, igandea (21:00). Nahia Zudaire igerilaria izango da lehen gonbidatua, eta sare sozialeko kideek besteek baino ordubete lehenago ikusi ahal izango dute saioa. 

Goi mailako euskal kirolarien beste aldea erakusten jarraituko du 'Matx' podcastak; izan ere, iazko denboraldiak izandako harrera ikusirik, bigarren bat egitea erabaki dute. Eta oraingo honetan ere, BAT Basque Team fundazioarekin elkarlanean ekoiztutako saioa izango da. Kirol gutxituen gorenean dauden euskal kirolariak izango dira gonbidatuak, eta Zudaire igerilari zubietarra (Nafarroa) izango da denboraldi berriko lehen protagonista. 

Podcastekoak ez dira ohiko kirol elkarrizketak izango; kirolaz hitz egingo bada ere, kirolarien beste aldea ezagutzeko helburua izango du saioak. Berriketaldiaz gain, galdera intimoak edota jolas dibertigarriak ere proposatuko ditu. "Ohiko kirol elkarrizketak alde batetara utzi eta kirolariekin ondo pasatzea nahi dugu. Kirol entretenimenduzko saio bat da gurea", adierazi du saioaren aurkezle Aratz Losadak. 

Sei kapitulu  

Matx podcastaren bigarren denboraldiak sei kapitulu izango ditu, eta hileko azken igandeetan eskainiko dira. Abuztuan eta abenduan izan ezik, gainontzeko hilabete guztietan elkarrizketa berri bat entzuteko edo ikusteko aukera izango da. 

Kapitulu guztiak Matx sare sozialean egongo dira inon baino lehen. Era berean, BAT Basque Team taldearen plataforma digitalek, Matx sarearenek eta Tokikom taldeko hainbat tokiko komunikabidek eskainiko dute saioa beren webguneetan, telebistetan edota irratietan. Guka Matx proiektuko kidea denez, igandeko saioaren aurrerapena da honako hau. Asteazkenean ikusi ahal izango da Gukaren euskarrietan Losadaren eta Zudaireren podcast elkarrizketa.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide