Libana Taboada 2026ko OCRko munduko txapelketara sailkatu da elite kategorian

Onintza Lete Arrieta 2026ko apirilaren 14a

Libana Taboada, larunbatean Artaxonako proban. (Aitor Simon)

Larunbatean Artaxoan (Nafarroa) irabazi zuen lasterketak eman dio txartela. Irlandan jokatuko dute aurten munduko txapelketa, abuztuaren 7tik 9ra. Orioko bizilaguna pozarren da lorpenagatik. 

Libana Taboadak lortu berri du 2026ko OCRko munduko txapelketan, elite kategorian, parte hartzeko txartela. Larunbatean Artaxoan (Nafarroa) Gladiators Day lasterketa irabazi zuen, eta horri esker sailkatuta gelditu da. OCR Series ligaxkaren barruko zazpi lasterketetako bat izan zen larunbatekoa. Zazpi lasterketa horietako eilte kategoriako irabazleak (emakume eta gizon) sailkatzen dira munduko txapelketara; zazpi plaza egoten dira emakumeentzat, eta beste horrenbeste gizonentzat.

Artaxoakoa ligaxkako laugarren lasterketa izan da, baina aurrenekoa Taboadarentzat, lesionatuta egon baita. Gainera, Taboadak azaldu du hurrengoetan ezingo duela parte hartu beste lehiaketa batzuk ere badituelako. Horregatik, pozik da garaipenagatik: "Larunbatekoa zen txartela irabazteko nire aukera bakarra. Lesiotik bueltan lehen lehiaketa izateko, marabilla bat izan da, hasieratik lehen postua hartu nuen eta azken 5-6 oztopoak dauden kanpara aurrena iritsi nintzen". Ez zen garaipen erraza izan, ordea, Mariangela Caballero madrildarra gertu izan zuelako. "Nik bi pultsera galdu nituen –bi akats egiteagatik oztopoetan– eta Caballerok bat. Hala, penalizazio zirkuituan erabaki zen lasterketa. Pultsera bakoitzeko buelta bat eman behar zen, eta 13 segundogatik irabazi nion Madrilgo makinari".

Argazkiak: Aitor Simon

Orioko bizilagunak aitortu du "inoiz ez" zuela horrelako bukaera bat bizi izan; "zirraragarria izan zen, azken momentura arte ez genekien nork amaituko zuen aurrena, super pozik nago".

Munduko Txapelketa Irlandan jokatuko da abuztuaren 7tik 9ra, eta aurrez, Europako Txapelketa, maiatzaren 29tik 31ra, etxe ondoan bertan izango du, Irunen (Gipuzkoa) jokatuko baita. "Bietarako daukat txartela elite kategorian. Iaz mundialera txorkatileko esgintze bat egin berri joan nintzen ta ezin izan nuen nahi beste gozatu... ea aurten!", dio, itxaropentsu eta baikor. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide