Kaleratu berri duen Surfear la vida liburuaren aitzakian, Azpeitiko Mendietxe museoan solasaldia eskaini zuen Aitor Frantsesena Gallo-k larunbat arratsaldean. 30 bat lagun elkartu ziren museoko areto nagusian, eta haiek gidatu zuten saioa; izan ere, hitz jario ederrean jardun zuen duela 13 urte itsu gelditu zen surflariak, herritarrek egindako galderei erantzunez.
Zarauztarra sortzez, Azpeitikoa zuen aita Gallok, eta umea zela herrian bizi izandakoak gogora ekarriz hasi zen solasean: "Azpeitiko oroitzapen oso ederrak ditut, eta beraz, oso berezia da niretzat liburua Azpeitian aurkeztea". Izan ere, Azpeitian egin du Euskal Herriko lehen aurkezpena. Mendietxen egin izanaz ere egin zuen aipamena: "Itsasoaz eta mendiaz gozatzen dugunon artean harreman ona dago; horrela sortu zen Alex Txikon –Txikon da Mendietxe museoaren sustatzailea– eta bion arteko laguntasuna".
Surfear la vida liburuaren prozesuaz ere aritu zen hizketan. Hain zuzen ere, Planeta argitaletxeak liburua idazteko proposamena zer-nola egin zion azaldu zuen. "Gaur egun gazteek pantailetatik burua altxatzeko duten zailtasuna aipatu eta horren aurrean zerbait egin nezakeela esan zidaten. Erredaktore bat jarri zidaten, probatzeko; izan ere, nik ez daukat idazterik. Askotariko gauzez jardun genuen hizketan, eta halaxe idatzi genuen liburua. Filtrorik gabe hitz egin nuen, eta horixe da liburua: bizi izandakoa kontatuta, besteei laguntzea nahi izan dut finean".
Sarrera eginda, bi gairen bueltan jardun zuen, batez ere, solasean Gallok: batetik, gazteez; eta bestetik, itsu geratu zenetik izandako bizipenez. Haren hitzetan, bizi izandakoek erakusten dute bizitzako bidea: "Ni ere izan nintzen punkia gaztetan: ezetz esaten bazidaten, nik baietz; eta baietz esaten bazidaten, nik ezetz. Baina niri bizitza asko aldatu zitzaidan, eta faena da, baina ordutik ez naiz geratu. Beste ikuspuntu batetik bizitzea eta bizitzaz gozatzea erabaki dut".
Laguntzarako liburua?
"Nik ez dut ezer aldatuko, baina lagundu dezaket", esan zuen surflariak herritar baten galderari erantzunez. Hain zuzen ere, hark galdetu zion liburu batek zer ekarpen egin dezakeen pantailen aferan. "Gertatu zaizkidan gauzak jaso ditut lanean, eta liburu irakurtzen duenari zer pentsatua ematea nahi izan dut; tableta eta mugikorra ez direla bizitzaren ardatza zehaztu".
Galloren arabera, ingurura begiratuta, "dena gaizki" dagoen sentipena behin baino gehiagotan izaten du, baina gauzak pixka bat aldatzeko, norberak bere aldetik jarri behar duela uste du. "Argi dago dena ezin dela aldatu, baina arazoen aurrean ezin dugu ez ikusiarena egin. Liburua idatzi dut borondate onenarekin, ahal diren gauzak aldatzen saiatzeko. Arazoetatik ateratzeko erremintak ematen saiatu naiz. Izan ere, jardunaren poderioz lor daiteke ikusi nahi duenak ikustea; nahi ez duenarekin saiatzea alferrikakoa da". Errealitatea pantailetatik haratago dagoela azpimarratu zuen: "Jaikitzen zarenetik lokartu arte ikusten duzun hori da errealitatea. Errealitateari aurre egiteko parez pare jarri beharra dago; zezenari adarretatik heldu behar zaio. Eta, zehazki, horixe izan da liburuarekin zabaldu nahi izan dudan mezua".
Surfear la vida-n diziplinaz eta jarreraz hitz egin duela azaldu zuen, eta gazteentzako ez ezik, helduentzako ere baliagarri izan daitekeela esan. Hark adierazi zuenez, gurasoak "eredu" izan dira berarentzat. "Baserrian egiten zuten lana, baita fabrikan ere. Etxean ikusten nuen zenbat lan egiten zuten. Gaur egun, baina, askok ez dute ikusten hori". Gainera, jarduteak bere fruituak eman ditzakeela sinesten du Gallok: "Alabak askotan esan izan dit txaposo bat naizela, baina orain 21 urte ditu, eta errealitatearekin topo egiten hasi da. Txapa ematen nion, baina... Gaur egun, asko babesten ditugu seme-alabak, eta errealitatearekin topo egiten, izugarrizko kolpeak hartzen dituzte".
Heziketa etxean landu beharreko kontua dela uste du, baina kontziente da bera gaztea zenetik hona mundua asko aldatu dela, baita heziketarako gakoak ere. "Aldatu egin dira garaiak, bai; alabak horixe esaten zidan komeni zitzaionean. Dena den, norberak badaki zer dagoen ondo eta zer gaizki. Gaur egun, baina, gazte askok ez dakite zer den sufritzea, ezta zerbait lortzeko negar egitea ere. Jarduteak balio du gauzak aldatzeko, eta gauzak errepikatzeak buruan geratzeko eta ikasteko. Gure seme-alabei esan behar diegu zortedunak direla bizi diren tokian bizi direlako; beste lekuren batean bizi balira, gauzen ikuskera aldatu egingo litzaiekeen".
Dena den, gizartea, oro har, "hipokrita" dela ere plazaratu zuen: "Gauza bat esan eta bestea egiten dugu". Halaber, haren hitzetan, herritar denek bizitzan gauza antzekoei egin behar izaten diete aurre, bizi modu batera edo bestera, egin gauza bat ala beste, eta haren ustez, zentzu komuna eta logika beharrezkoak dira, nahiz eta "horietatik gero eta gutxiago" dagoela uste duen.
Itsu geratzean, zer?
Galdera eta galdera artean, itsu gelditu zen uneaz ere hitz egin zuen zarauztarrak. Hark esan zuenenez, bazekien egunean batean itsu geratuko zela, itsutasunaren trena "beti atzetik" zuelako. "Jaio nintzenetik esaten zidaten itsu gera nintekeela, eta begi bat 14 urterekin galdu nuen. Bitan transplantatu zidaten beste begiko kornea, baina bigarrengo ebakuntzatik errekuperatzen ari nintzela eta hirugarren transplantearen zain nengoela, surfean has nintekeela esan zidaten medikuek, eta hain zuzen, horretan ari nintzela lehertu egin zitzaidan zerbait ikusten nuen begia".
Hortik atzerakoak aletu zituen, segidan. Pertsona bakoitzak galerei edo istripuei buelta emateko bere denbora behar izaten duela esan zuen, nahiz eta burua izugarria dela frogatuta daukan. "Egoerari buelta ematea nahi duzunean... Nik buelta eman nion, horretarako prest nengoelako. 42 urtez zain egon nintzen unea iritsi zen; istripua izan eta begia lehertu zitzaidan. Uretatik atera eta anbulantziara eraman ninduten, eta zarata eta iskanbila artean, egoerari buelta ematen hasi nintzen; presaka, erioan genbiltzan, baina arnasa hartu nuen. Neure buruari esaten nion beherago ezin nuela joan".
Zentzu batean, "lasaitu" egin zela aitortu zuen. "Lehen beti azalpenak ematen ibili behar izaten nuen. Gainera, bizitza azkar zihoan oso, eta istripuaren ostean, bizitza lasai hartzea erabaki nuen". Pertsonek burmuinean aingerua eta deabrua dituztela adierazi zuen, eta ohetik jarrera eskasarekin altxatuz gero, deabruak egoerari buelta ematen ez duela uzten zehaztu. "Jarrera kontua da dena. Izan ere, deabrua aktibatzen bada... Dinamika horretan sartzen bazara, ez duzu irtengo. Gauza negatiboen alde positiboa bilatu behar da; negatiboari ez zaio denbora hartzen utzi behar. Zure burua kontrolatzen saiatu behar duzu; izan ere, buruak kontrolatzen bazaitu, akabo!".
Dena den, halako egoera beltzetatik ateratzea batzuetan "asko kostatzen" dela ere aitortu zuen. Baina, zera: "Beti dago irteera. Denbora behar izaten da egoera batzuei buelta emateko, baina laguntzeko gai den profesionalak ere badaude, eta horiengana jotzea oso garrantzitsua da".
"Zer ikusten duzu?"
Galdera zehatzak ere egin zizkioten herritarrek; tartean, zer ikusten duen galdetu zioten. "Dena beltza", hark. "Dena den, estresatzen naizenean, bonbilla fluoreszente bat ikusten dut; batez ere, bikotekidearekin haserretzen naizenean eta". Eta orduan, beste herritar batek: "Lehen esan duzu museoa ikusi egin duzula. Nola ikusi duzu, orduan?". Eta Gallok: "Jendeak azalpenak ematen dizkit, eta nik imajinatu egiten dut lekua; asko gozatzen dut horretan. Zinemara joaten naizenean ere, gauza bera gertatzen zait; ikusi ez, baina entzun egiten dut. Film bera bitan ikusiz gero, bi pelikula egingo nituzke". Hala ere, bada faltan sumatzen duen gauza bat: "Alaba 8 urte zituenean ikusi nuen azken aldiz, eta 21 urte ditu gaur egun; asko aldatu da urte guztiotan. Ez dut ikusi hazten, baina berarekin disfrutatzen saiatzen naiz".
"Bihotzetik" ateratzen zaiona esaten duela zehaztu zuen, eta saiatzen dela ez kexatzen. "Kalean, adibidez, oztopoekin egiten dut topo. Bastoiarekin ateratzen naiz, baina ez dut trebetasun handirik, eta askotan, kolpeak hartzen ditut paretetan utzita egoten diren bizikletekin eta. Dena den, ez naiz kexatzen, jendea gure egoerarekin bere kasa konturatzea nahiko nuke".
Beldurraz ere galdetu zioten, eta itsu izan edo ez, beldurrak badituela aitortu zuen. "Munduarekin zer gertatuko den kezka daukat, eta ezagutzen ez dudanari beldurra diot. Baina saiatzen naiz ezagutzen ez dudan hori ezagutzen. Beldurra eman arren, saiatzen naiz mugak gainditzen, ezer ez zaidala gertatuko jakinda". Hain zuzen ere, munduan gertatzen denaz ere galdetu zioten, ikusmenik izan gabe, mundua nola ikusten duen galdetuz. "Besteek bezalaxe ikusten dut. Palestinan bezala, umeak hil baldin badituzte, ikusi edo ez, badakit egin dutena izugarria dela. Eta hori gertatzen denaren erdia kontatzen dutela...".
Lepauztaiko eta aldakako ebakuntzak gaindituta, bere pasiora, surfera noiz itzuliko zain da Gallo. Apirilean itzuli nahi du uretara, eta horretarako prestatzen ari da. Eta eleberri bat idazten, spoileri-k egin nahi izan ez zuen eleberri bat. Baina mingainean bilorik ez du, eta zerbait aurreratu zuen. "Hipokresiaz eta fartsaz ari naiz idazten; izan ere, astakeriak ikusi ez, baina entzun egiten ditut".