Allepunta da Urola Kostako Herriartekoaren finalaurrekoetara sailkatu den lehen taldea

Erredakzioa 2026ko otsailaren 7a

Urola Kostako Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren lehen fasea atzo hasi zuten, Andatzako Uhartemuño elkartean. Orioko Errikotxia eta Zarauzko Allepunta taldeak jardun ziren kantuan, nor baino nor. Saio ona egin zuten, baina aurrera bakarrak egin behar, eta epaileek erabaki zuten Allepunta izango dela finalaurrekoetara joango dena. Errikotxia, ostera, Herriartekoaren lehiatik kanpo gelditu da.

Urola Kostako Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren lehen fasea atzo hasi zuten, Andatzako Uhartemuño elkartean. Afaltzen 60 bat lagun elkartu ziren, eta afari ederra egin ondoren, ia gauerdia jota hasi ziren bertsotan. Orioko Errikotxia eta Zarauzko Allepunta taldeak jardun ziren kantuan, nor baino nor.

Errikotxia taldeko bertsolariak honakoak ziren: Xabier Sukia, Ganix Miner eta Iker Gurrutxaga. Allepunta taldekoak, berriz, hauek: Felix Zubia, Julen Zulaika eta Hodei Iruretagoiena. Gai jartzaile lanetan Errikotxia taldeko Maddi Etxeberria aritu zen, eta epaile lanetan Errikotxia taldeko Mikel Iruretagoiena, Allepunta taldeko Elisa Iztueta eta Zumaia taldeko Asier Arakistain.

Giro beroa egon zen elkarte betean, eta saio ona egin zuten bertsolariak. Talde irabazlea Zarauzko Allepunta izan zen, 14 punturekin. Hortaz, Errikotxia lehiatik kanpo geratu da, eta Allepunta izango da martxoaren 6ko Zarauzko Hiruputzu gaztetxean egingo duten finalaurrekoan kantuan izango den lehen taldea.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide