Tokikom sariak 2024

Azpeitia Gukak jaso du Tokikomen Edukirik Onenaren Saria

Julene Frantzesena 2024ko aza. 22a, 12:14

Maialen Etxaniz Azpeitia Gukako kazetaria eta Jokin Azkue HABEko zuzendaria saria banatu berritan.

Tokikom Sarien zortzigarren edizioari lotuta, ekitaldia egin dute gaur goizean Artikan (Nafarroa). Maialen Etxanizek egindako Gelditu dira inprentaren makinak erreportajea nabarmendu du epaimahaiak, urteko edukirik onenaren atalean. Beste hainbat sari ere banatu dituzte.

Tokikom Sarien zortzigarren edizioa egin da gaur Artikako (Berriobeiti, Nafarroa) Maria de Maeztu kultur etxean. Toki komunikabideen urteko lanik onenak ezagutzeko eta sektoreak dituen erronkei buruzko gogoetak zein esperientziak partekatzeko aukera izan dute han bildutako 80 bat lagunek.  

Gukaren bi lan zeuden sariak jasotzeko hautagaien artean: Maialen Etxanizek Azpeitia Guka aldizkarirako egindako Gelditu dira inprentaren makinak erreportajea Edukirik Onenaren Saria jasotzeko; eta Orio Guka aldizkarian argitaratutako Olatu berrien bila azala –argazkia Arnaitz Rubio argazkilariak egina da–.

Etxanizek jaso du saria, epaimahaiak hala erabakita. Azpeitiko azken familia inprentaren itxiera oinarri hartuta osatutako erreportajea "oso egoki" egina dela azpimarratu dute epaimahaiko kideek: "Azpeitiko azken familia inprentaren historia jasotzeaz gain, sektore oso baten bilakaera nolakoa izan den ere oso egoki jasotzen du lanak. Tokikotasun handia du edukiak eta tokian tokiko industria eta historia jorratzen ditu gertutik. Lekukotasunaren balioaz osatuta dago artikulua. Gainera, estetika ere ondo zaindua dago, iraganeko eta oraingo argazkiak ondo integratuta baitaude".

Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Jokin Azkue HABEko zuzendariak eman dio saria Etxanizi. Hark artxiboak eta artxibo lanak duten garrantzia azpimarratu du. Izan ere, besteak beste, Azpeitiko artxibora jo zuen kazetariak inprentaren gaineko lana gauzatzerako. Gainera, tokiko hedabideetan halako lanak egiteari balioa eman nahi izan dio: "Aktualitatea lantzen dugu, baina orain aktualitatea dena iragana izango da hemendik urte batzuetara".

Hemen Etxanizek saria jaso duen unearen bideoa:

 

Beste hainbat sari

Kategoriaz kategoria banatu dituzte hiru sari Juan Kruz Lakasta kazetariak gidatutako ekitaldian. Azal onenaren saria Sakanako Guaixe aldizkariarentzako izan da, Matxismoa ari du goiburu duen aldizkariaren azalari esker. Edorta Aranak, Maria Gorosarri Gonzalezek eta Amaia Pavonek osatu dute 2024ko Tokikom Sarien epaimahaia, eta haiek esan dutenez, martxoko zenbakiaren azala "oso ondo landua" izan zen. "Emakumeen Nazioarteko Egunari erreferentzia eginez, mezu garbia helarazten du. Gainera, irudi zehatzen eta sinboloen arteko konbinazio ederra egiten du, eta nahiz eta irudia sinplea izan, oso adierazgarria da". Azalaren konposizioa koloreen bidez "oso ondo" integratuta dagoela ere azpimarratu dute.  

Ikus-etzunezko Onenaren Saria, berriz, Antxeta irratiarentzat izan da, Uhin inklusiboak lana tarteko. Ikus-entzunezko eduki sorta hori jendarte eredu anitzagoaren eta inklusiboagoaren aldekoa dela esan du epaimahaiak. Izan ere, migrazioaren gorabeherak beren larruazalean bizi dituztenei eman diete hitza. "Gaiaren trataera egokia da, eta tokian tokitik lantzen du migrazioaren fenomeno globala", azaldu du epaimahaiak. Gainera, alde estetikoa ere "oso landuta" dagoela azpimarratu dute epaimahaikideek, eta kazetaritza aldetik "oso lan borobila" dela adierazi.  

Aurten, baina, sari berezi bat ere banatu du toki komunikabideen bateraguneak. Hain zuzen, ekitaldia Nafarroan egin denez, eta Nafarroako Laboral Kutxaren babesletzari esker, Nafarroa Saria eman dute. Lurralde horretako kultur ondarea ondoen islatzen, aniztasuna ondoen transmititzen eta Nafarroaren irudia eta atxikimendua ondoen sustatzen duen edukiari eman diote saria. Ultzamaldeko Pulunpe komunikazio taldeak argitaratutako Dialeko azkenak ikus-entzunezko lanari eman diote Nafarroa Saria. Epaimahaiak Pulunpek argitaratutako lana azpimarratu du, "oso ondo" jasotzen duelako garai batean Nafarroako toki askotan pil-pilean zegoen euskarafobia. "Euskara hutsezko irratia bultzatu zuten herritarren, irratiko lehenengo esatarien, ondoren pasatu zirenen, orduko euskara teknikarien, entzuleen eta kolaboratzaileen iritziak oso ongi daude jasota dokumentalean".

Tokikom Sarietarako hautagaiak, sarituak eta erakundeetako ordezkariak.

Hizlari hainbat

Behin sari banaketa ekitaldia bukatuta, euskarazko toki komunikabideen erronkak aztertzeko eta esperientziak zein gogoetak partekatzeko aukera izan dute Artikan bildu diren profesionalek. Horretarako bidea eman diete Jon Sarasua Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren koordinatzaileak, Lurdes Etxezarreta eta Xabi Gartzia AEKren Nazio Kontseiluko kideek eta Ramon Argelina elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak, hitzaldi banarekin.

Sarasua izan da hitza hartzen aurrena, eta 4.2: EHM Estrategia izenburupean, Euskararen Gogoetaguneak egitasmoaren baitan egiten ari diren lanketaz eta lanketa horretan hedabideei aitortzen dieten paperaz jardun du. Izan ere, datozen 25 urteetan euskarak egin behar duen bidean estrategikotzat jotzen dituzte tokiko hedabideak, euskarak, eskala gehienetan ez bezala, eskualdeko eskalan lidergoa hartzeko aukera daukala iritzita. Eta ildo horretan, eskualdeetako hedabide multimedien estrategia izendatu dutenaren ardatzak zeintzuk diren azaldu du. "Orain arte egin duguna egitea ez dugu nahikoa izango; 80ko hamarkadan ETBren aldeko apustu garbia egin zen, baina aurrera begira, euskal hedabidegintzan matrize aldaketa behar dugu, dena askoz gehiago fragmentatuta dagoelako". Eskualde mailako komunikazioan euskarazko hedabide taldeek lidergoa har dezaketela esan du, "lidergo garbia eskualde euskaldunetan, eta lidergo esanguratsua ez horren euskaldunetan", eta Goiena jarri du horren adibidetzat.

Sarasuak behin baino gehiagotan nabarmendu duen ideia baten ildotik, gauzak berdin egiten jarraitzea aukera bat ez dela adierazi dute AEK-ko Etxezarretak eta Gartziak ere euren hitzartzean. Aurki 50 urte beteko ditu AEK-k, eta urteotan guztiotan, garaian garaiko testuingurura egokitu ahal izateko ezinbestekoa izan dute etengabeko eraldaketa. Gaitasuna izan dute baldintza politikoak eta barne gaitasunak aprobetxatzeko, eta aurrera egiteko. Aldaketak aukeratzat hartu izan dituztela kontatu dute, eta urteotan egindako aldaketek xehetu dituzte: elkartearen izaera juridikoan egindako aldaketak, egituran egindakoak, funtzionamenduan, komunikazioan eta abar. Gaur egun Euskal Herri guztian 97 euskaltegi eta 41 ikasgu ditu AEK-k, ia 600 bazkide, eta hainbat zerbitzu ematen ditu: euskara eskolak ematen dituzte, hizkuntza aholkularitza eskaintzen ditu, itzulpengintza eta zuzenketa zerbitzua, mintzapraktika egitasmoak eta abar. "Gabeziei erantzuteko gai izango den funtzionamendua eta organigrama onartuta, horiek indarrean sartzeko lanean ari gara. Horiek erabakitzeko bidean, funtsezkoak izan dira bazkideen parte hartzea eta bakoitzak bere roletik egin duen ekarpena, eta erresistentziak egon diren arren, horiek ere aberastu egin dute prozesua".

Azkenik, elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduradunak, elDiario.es: un perioĢdico con socias y socios hitzaldian, beren hedabidearen ereduaz hizketan jardun du, kazetaritza independentea egitea ahalbidetzen diena 95.000 bazkideren sostengua izatea dela argudiatuta, "bazkideena eta ez harpideena". Bazkideak proiektuaren protagonistak direla esan du, haiek direla proiektuaren erdigunean daudenak, eta haiei esker independentzia editoriala blindatzen dutela botere politikoaren, enpresarialaren eta ekonomikoaren presioen aurrean. Herritarrak erakartzeko estrategiez eta haien atxikimendua lortzeko gakoez jardun du Argelinak, eta baita bazkideei modu esklusiboan eskaintzen dizkieten produktuez zein zerbitzuez ere. "Bazkideak asko zaintzen ditugu, xehetasunak ere bai, eta hori asko baliosten duten zerbait da. Gauzak etengabe hobetzen saiatzen gara, eta horretaz jabetu egiten dira eta eskertu egiten digute".

Erlazionatuak

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide